Aurten ez da San Bartolome jairik egongo

Barren.eus 2020ko uzt. 24a, 13:15

Hilabete falta da San Bartolome egunerako, eta gaur bertan eman dute Udaleko arduradunek eta herriko hainbat eragilek prentsaurrekoa, aurten San Bartolome jairik ez dela egongo esateko.

Udalak hainbat bilera egin ditu herriko eragileekin aurtengo sanbartolomeetan zer antolatu zitekeen aztertzeko, eta bilera horietan parte hartu zuten eragileekin adostu zuten aurtengo jaietarako egitaraua murriztea. Azken astean, baina, koronabirus kasuak nabarmen igo dira Debabarrenean, eta hilabete barru egoera zein izango den jakiterik ez dagoenez, jaiak bertan behera lagatzeko erabakia hartu dute. Erabakiak, Elgoibarko udal korporazioa osatzen duten talde politikoen zein jaien antolaketan parte hartzen duten elkarte, kolektibo eta eragileen babesa duela azpimarratu dute. "Helburua elgoibartar guztien osasun publikoa babestea da, koronabirusaren krisiak eragindako ziurgabetasun eta osasun-murrizketen testuinguruan", adierazi dute.

"Bistan da ez direla baldintza egokiak ematen ari eta ez dela bideragarria herritarren parte-hartzea lehenesten duten ekitaldiak antolatzea. Erabaki zaila izan da, baina saihestu egin behar ditugu gure jaietan izaten diren jendetza pilaketa handiak", esan du Ane Beitia Elgoibarko alkateak erabakiaren berri ofizuialki emateko egin duten agerraldian. 

Gure Bide elkartekoek ere aste honetan jakinarazi dute Etxaniz Memoriala bertan behera laga dutela. Hala ere, ekintza gutxi batzuk izango dira sanbartolomeetan, jaiak gogoratzeko.

Abuztuak 23, San Bartolome bezpera

  • Irailaren 7ra arte, Edu Arrillagaren 'Photo kalean' argazki erakusketa. Alde zaharrean sokamuturrean ateratako argazkiak jarriko ditu ikusgai eta Errosario kalean Txiki Egunekoak.
  • 13:00 Kanpai jotzea auzoetako ermita guztietan. Udaleko balkoia apainduko dute eta ikurriña makil-erdira jarriko dute.
  • 17:00 CaixaBank masters pilota txapelketa ikastolako frontoian. Sarrerak Kaia tabernan salgai. Aforo mugatua. Zuzenean emango dute ETB1en.
  • 18:30 Erraldoi eta buruhandien erakusketa Aita Agirre kulturgunean. Irailaren 4ra arte egongo da ikusgai, 18:30etik 20:30era.

Abuztuak 24, San Bartolome eguna

  • 9:00 Dultzaineroen diana.
  • 9:45 Udal txistularien diana.
  • 11:00 Meza nagusia. Ez da txistularirik egongo eta udal korporazioak ere ez du parte hartuko.
  • 18:00 CaixaBank masters pilota txapelketa ikastolako frontoian. Sarrerak Kaia tabernan salgai. Aforo mugatua.

Abuztuak 30

  • 11:30 Jubilatuen aldeko meza.

 

 • Hainbat ekitaldi berriro programatuko dituzte, denboran sakabanatuago

Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, programazio alternatibo bat prestatzen hasiak ziren, 60 jarduera ingururekin, guztiak ere "normaltasun berriak" ezartzen zituen irizpideetara egokituak. Abuztuaren 23, 24, 26, 27, 28 eta 29rako zenbait ikuskizunetarako kontratuak ere sinatu zituzten. Zentzu honetan, kultura edo azokak bezalako sektore inplikatuak, baita kirol proba batzuk ere (Etxaniz Memoriala, ohiko idi-probak, e.a) jasaten ari diren zailtasunen jakitun izanik, Udalaren asmoa da 2020an zehar jarduera eta ekitaldi horietako asko birprogramatzea, denboran sakabanatuago dagoen egutegi bat eginez, "bere garapenerako pandemiaren bilakaeraren baldintzak hobetuko direnaren esperoan". Proposamen guztiak birusaren hedapena sahiesteko osasun-agintari eskudunek ezarritako arau eta gomendioen mende egongo dira. Irailera begira, aire libreko zine emanaldiak bertan behera lagako dituztela aurreratu du Udalak.

Udal korporazioak eta jaien antolaketan parte hartzen duten ohiko gizarte eragileek elgoibartarrei ulermena eskatu diete, osasun arrazoiengatik ospakizunak bertan behera uzteko akordioaren aurrean. Une honetan, lehentasuna guztion osasun publikoa zaintzea da. Ildo horretan, eskerrak ematen dizkie udalerriko talde eta gizarte-talde guztiei, jaiak bertan behera uzteko erabakiarekiko erakutsi duten inplikazioagatik eta, batez ere, "enpatiagatik".