Gabon Zaharretako azoka iruditan

Barren.eus 2019ko abe. 28a, 17:27

Gabon Zaharretako azokan, eguraldia lagun, postu eta jende ugari elkartu da Elgoibarren. Produktuak ikusi, erosi eta dastatzeaz gain, lehiaketetako irabazleek sariak jaso dituzte.

 Urteko azken larunbatero bezala, aurten ere, baserri giroak hartu du Elgoibarko erdigunea. Kalegoen plazan barazki eta frutak izan dira salgai postu txukunetan; elizpean gaztak eta eztia eta herriko beste hainbat txokotan baserriko zenbait produktu, lanabes, landare, ganadu, talo, ogi eta gozoak. Maalako parkean, berriz, herriko artisauek ipini dituzte beren postuak. Kaleko giroa trikitilariek eta kale kantariek jantzi dute.

Barazkiak eta frutak salgai ezezik salmenta postuak modu txukunean erakusgai ipintzen dituzte, izan ere, lehiaketa egoten da postuen artean. Aurten hainbat sari hutsean gelditu diren arren, hona hemen banatu dituzten sariak.

Saltokirik onenak: Antonio Iparragirre (Sagarmiña baserria). Mutriku

Gipuzkoako saltokirik onenak

  • Barazkiak
    • 1. saria: Argiñe Rubio (Txillarre baserria). Elgoibar.
    • 3. saria: Jose Lonbide (Untzilla baserria). Aretxabaleta
  • Fruituak
    • 1. saria: Antonio Iparragirre (Sagarmiña baserria). Mutriku
    • 2. saria Miren Arrizabalaga (Oñatibi Txiki). Gabiria.

Gipuzkoatik kanpoko saltokirik onenak

  • Barazkiak
    • 1. saria: Gorka Irazabal (Goreko). Mungia.
    • 2. saria: Iker Villasana (Biortzatxus). Arrieta. eta Alejandro Arrieta (Xemeingain). Markina.
    • 3. saria: Mari Pilar Mallabia (Agarre). Mallabia. eta Alain Chaves (Galantena Txiki). Aulestia.
  • Fruituak
    • 1. saria: Edurtzeta Atutxa (Jauribarri). Igorre.
    • 2. saria Igor Lete (Iparragirre). Ispaster.

Saltokientzako sariez gain, mendiak egokien zaindu dituen baserriarentzat ere izan da saria eta Elgoibarko Ziarda baserriak jaso du aurtengoa.

Aurten sari banaketa ekitaldia aprobetxatu dute urte luzetan Elgoibarko Gabon Zaharretako azokaren eta nekazal  inguruen alde lan egin duen Jabier Arrizabalaga "Belarreta" omentzeko. Ezustean eta pozez jaso du aipamen hori.

Sari horiek guztiak banatu aurretik Udaletxeko areto nagusian Urteko Gaztaren XIII. Txapelketa jokatu da Kalamua Elkarteak antolatuta. Kalamua elkarteko kideez gain, sukaldari ezagun zein telebista aurkezleak izan dira epaimahaian. Sei gazta aurkeztu dira lehiaketara: La Leze (Ilarduia); Jesus Mari Ansola Mausitxa (Elgoibar); Azkarra (Galarreta); Kortaria (Lekaroz); Larrabe-Agiñiga (Amurrio); eta Santamañe (Markina-Xemein). Epaileak lanean ziren bitartean Uxue Alberdi, German Meabebasterretxea eta Mikel Mendizabal bertsolariak aritu dira bertsotan. Mañukorta zen kantatzekoa, baina etortzerik izan ez duenez harentzako aipamenik ez da falta izan. Lanak amaituta Lekarozko Kortariak jaso du gaztarik onenaren saria. Sari banaketan jakinarazi dute lehenengo lau gazten artean bost puntuko aldea baino ez dela izan, lehia estua izan da beraz partaideen artean.

Arratsaldez, 18:00etan, Plazara Dantzara ekitaldia izango da I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.

2019 12 28 gabon zahar feria elgoibar dantzan