Argiteria publikoaren kudeaketa lizitatu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2021ko mai. 5a, 14:29

Elgoibarko Udalak 10 urteko iraupena duen kontratua atera du lehiaketara, 2.529.874 euroko aurrekontuarekin. Kontratuaren helburua da udalerriko eremu publikoetan argiztapen egokia bermatzea, eremu ilunik gabe, eta, aldi berean, ingurumenarekiko arduratsuak izatea. Lizitazioa eskuratzen duen enpresak 1.331 luminaria Led argi berriengatik aldatzea ere aurreikusten du kontratuak.

Argiztapen publikoaren energia kudeatu eta mantentzeko kontratua lizitaziora ateratzea efizientzia energetikoranzko urrats berri bat dela nabarmendu du Elgoibarko Udalak. Jakinarazi dutenez, kontratu berri honekin funtsezko bi alderdi jorratu nahi dituzte. Alde batetik, argiteria publikoko instalazioen kudeaketa energetikoa kontratatzea. Kudeaketa horrek koadro elektriko bakoitzaren kontsumoen eta fakturen analisia jasotzen du, bai eta horietan egin daitezkeen optimizazioen analisia ere, kontsumo hori hobetze aldera. Udal arduradunek gogora ekarri dute argiteria publikoaren auditoretza energetikoa egin zutela 2018an, eta han instalazioen baldintzak jasota geratu ziren.

Argiteria publikoaren kudeaketa eredu berriak argiztapenaren mantentze-lan prebentiboa eta zuzentzailea ere aintzat hartzen dituela zehaztu dute, "uneoro mantentze-egoera ezin hobea bermatuz, instalazioak aldizka berrikusiz, bai eta argien egoera, baldintzak eta gabeziak ere". Argiteria publikoaren mantentzeaz arduratuko den lan talde bat egongo dela ere aurreratu dute, "egon daitezkeen arazoei azkar erantzuten zaiela bermatzeko".

 • 1331 argi aldatzea
Kontratuaren helburua da udalerriko eremu publikoetan argiztapen egokia bermatzea, eremu ilunik gabe, eta, aldi berean, ingurumenarekiko arduratsuak izatea, energia-kontsumoari buruzko kontzientzia hartuz, hura murriztuz eta, ondorioz, horrek egungo klima-krisian eragiten duen inpaktua minimizatuz.
Era berean, kontratu berean jasotzen da, kontratistaren kontura, LEDera pasatzeke dauden argiak ordeztea; beraz, guztira 1331 argi ordeztuko dira udalerri osoan, erdigunetik industrialdeetaraino. Jarduketa honen aurrekontua milioi bat eurotik gorakoa da.

Luminariak sei hilabeteko epean aldatzea aurreikusten da, eta zeregin horiek amaitu ondoren, argi-azterketa bat egingo dute, argiterairen ingurukoaraua betetzen den jakiteko, eta atzeman daitezkeen puntu ilunak aztertzeko. Herritarrek jakinarazitako puntu ilunak ere aintzat hartuko dituzte, eta horiek hobetzeko baliabideak jarriko ditu Udalak. Udalak kostuaren eta kontsumoaren %50etik gorako murrizketa aurreikusten du, koadro elektriko bakoitzaren kontsumoa eta faktura optimizatuz eta horien mantentzea bermatuz, instalazioak aldizka berrikusiz.

Kontratuaren aurrekontua 2.529.874 eurokoa da eta 10 urterako iraupena du. Aurreikusten diren aldaketa guztiak kontuan hartuta, Udalak kalkulatzen du eragin nabarmena izango duela argi-kutsaduraren jeitsieran eta argiteria publikoaren fakturan, azken hor erdira murriztuko dela adierazi baitute.

"Udalak urteak daramatza argi-kutsadura murrizteko lanean, hainbat jarduketaren bidez, eta urrats berri hau beste aurrerapauso bat da energia-kontsumoak planetan eragiten duen inpaktu hori murrizteko. Horrela, Elgoibarrek argiteria publikoan egiten duen kontsumoa gutxienez erdira murriztea lortuko dugu, eta Udalak sortzen duen aztarna txikiagoa izaten lagunduko dugu ", esan dute Udaletik.

2021 05 03 argiteria elgoibar b1