Herriko lorategiak eta berdeguneak zaintzeko zerbitzua indartuko du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2021ko urt. 26a, 16:17

Izaera publikoa duten Mendaroko berdeguneak eta lorategiak mantentzeko zerbitzua indartuko du Udalak, eta dagoeneko abian da lehiaketa publikoa.

Abian jarriko diren zerbitzuak honako hauek direla zehaztu du Udalak: lorategi eta txokoetako belarra maiztasunez moztu eta ureztatzea, zuhaitz, zuhaixka eta heskaien inausketa; ertzak, lore multzoak eta parterreak kontserbatzea, osatzea eta zaintzea; ongarri kimikoak eta organikoak ematea landareak egoera onean egon daitezen; izurriteen aurka borrokatzeko tratamendu fitosanitarioak burutzea; loreontziak mantentzea; zelaiak aireztatzea, aitzurtzea, jorratzea eta arrastelatzea; inbentarioaren eguneraketa; sortzen diren hondar begetalak jasotzea, etab.

Interesa duten enpresek beren eskaintzak egiteko epea zabalik dago. Esleipena 2021eko lehen hiruhilekoan burutuko dela jakinarazi du Udalak.