Amaitu dituzte Altzolako Karmen plazako udal eraikina berritzeko lanak

Rikardo Idiakez 2020ko ots. 12a, 11:14

Barikuan zabalduko dute Altzolako Karmen plazan berritu duten 140 metro koadroko udal-eraikina. Udalak instalazio berria ezagutzera gonbidatu ditu herritarak.

 Barikuan, otsailaren 14an, irekiko ditu ateak auzokoentzako egokitu duten lokal berriak. 18:00etan izango da irekiera eta luntxa egongo dela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Udal-eraikinean egin dituzten lanez gainera Karmen plazan ere egin dituzte hobekuntza lanak, besteak beste, zorua birzolatu, eserleku berriak ipini, lorategi-zelai gune bat eraiki dituzte.
Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du eta guztira 158.389 euro (BEZa barne) bideratu ditu Construcciones Aplibur SL enpresak egin dituen obrak gauzatzeko. Gogoratu beharra dago Altzolako eremua Birgaitze Integraleko eremu gisa izendatuta dagoela. Hori dela eta, eremu hori babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko asmoa duten ekintza bereziak egin dituztela zehaztu du Udalak, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko.
Egin dituzten hobekuntzei dagokionez, eraikinaren aurre alde garbitu eta margotu dute, eta teilatua ere konpondu dute. Eraberritzeak, baina, eraikinaren barnealdeari eragin dio gehienbat. Lehen hiru geletan banatuta zegoen barruko espazioa, eta bakarra du orain. Guztira, 140 metro koadro ditu espazio berriak. "Lokal diafanoa da, aukera desberdinak eskaintzen dituena. Horretarako, hormak, sabaiak eta zorua berriztatu dira herritarren beharrizanetara egokitzeko aukera eskaintzen duen espazio malgu bat sortuz", azaldu dute. Hainbat jarduera egiteko egokia dela nabarmendu dute, besteak beste, jendetza batu dezaketen ekitaldiak antolatzeko, bazkariak, filmeen emanaldia, auzolagunen bilerak, kartetan jolasteko, umeek jolasteko, e.a.
“Lokal moldagarria da, giro txikiagoetarako espazioak sortu ahal dira, bi edota hiru espazio desberdinetan zatitu ahal baita. Beraz, lokal osoa espazio bat bezala erabiltzeko aukera egongo da, baina bizilagunen beharrizanen arabera, hiru lokal ere egokitu ahal izango dira, tabike mugikor eta kortinen bitartez”, adierazi du Iosu Arraiz hirigintza zinegotziak.
Espazioak, argiztapen berria du, LED teknologiadun fokoak ipini baitituzte. Bestalde, egokitutako bi komun ere baditu eta erradiadore elektrikoak instalatu dituzte lokala berotzeko.

∞Lotura duten albisteak:

2020 02 12 udal eraikina karmen plaza altzola egoibar berrituta sarrera

2020 02 12 udal eraikina karmen plaza altzola egoibar berrituta barrua

2020 02 12 udal eraikina karmen plaza altzola egoibar berrituta 1

2020 02 12 udal eraikina karmen plaza altzola egoibar berrituta 2

2020 02 12 udal eraikina karmen plaza altzola egoibar berrituta atea