Amaitu dituzte Zelaikua Plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak

Barren.eus 2020ko ots. 5a, 14:18

Zelaikua plazarainoko bidearen irisgarritasuna hobetzeko lanak amaitzear daudela jakinarazi du Mendaroko Udalak. Lanek 91.777,22€-ko aurrekontua izan dute, eta bi helbururekin gauzatu dituzte.

Batetik, irisgarritasun araudia betetzea, eta bestetik, behe-solairuetan dauden etxebizitzen intimitatea zaintzea. Horretarako, ibilbide berria fatxadara gehiegi hurbildu gabe eta atarietarako sarrerak lehengo antzera mantendu dituzte. Obra, hormigoi armatuarekin egin dute, zati batzuek zubi gisa eraikiz eta beste zati batzuek lur gainean egindako zoluen bidez. Ibilbideari, akabera bera eman diote, hormigoizkoa. Ibilbidean gehienezko aldapak %10 eta %8koak dira, eta gutxienez 1.2 metroko zabalera dute. Aldapek osatutako ibilbidean burdinazko baranda jarri dute eta eskudelak jarri dituzte. Obra bukatzeko zoladura margotzea falta dela jakinarazi dute.

2020 02 05 zelaikua plaza mendaro irisgarritasun lanak bukatuta 1
Lan hauek eginda, Mendaroko irisgarritasun planean jasotako puntu garrantzitsuenetako bati irtenbidea eman zaiola esan dute arduradunek. Era berean, Zelaikua Plazako irisgarritasun lanak amaituta, Azpilgoeta auzoari ekingo diotela aurten gaineratu dute.
•Azpilgoetako lanak
Azpilgoeta kaleko erdigunean 2.570 metro kadrori eragiten dien lanak egitea onartu du Mendaroko Udalak, 282.504,83 euroko aurrekontuarekin. Proiektua prest du Udalak eta egun jendaurrean dago ikusi nahi duenarentzat. Lanon helburua, oinezkoari ibilbide "irisgarri egoki eta erosoak" ematea izango da, Azpilgoeta erdiguneko plazari garrantzia emanez eta autoentzako aparkaleku kopurua mantenduz. "Funtsean, erabilgarri ez diren espaloi estuak, gune aldapatsuegiak eta koxka ugariak kenduko dira, horretarako araudiak irisgarritasun alorrean jartzen dituen baldintzak betez", adierazi dute udal arduradunek.

2020 02 05 zelaikua plaza mendaro irisgarritasun lanak bukatuta 2