Irisgarritasun planaren eguneraketa publiko egin du Udalak

Barren.eus 2020ko urt. 24a, 09:16

Elgoibarko Udalaren Irisgarritasun Planaren helburu nagusia da herriko espazio garrantzitsuenak irisgarriak izatea: ibilbide nagusienak, interesguneak, udal eraikin esanguratsuak eta garraio zein komunikazio zerbitzu nagusienak.

 Elgoibarko Udalak jakitera eman du Irisgarritasun Planaren azken aktuazizazioa ikusgai dagoela Udlaren web orrian: https://www.elgoibar.eus/index.php/irisgarritasun-plana-2019
Udalak 2008an ekin zion bere lehenengo Irisgarritasun Plana idazteari. 2014ean, handik sei urtera, Udalak 2008ko plan horren eguneratzea sustatu zuen, herrian egon ziren aldaketengatik eta denbora epe horretan sortu ziren beharrengatik, araudia betetzeaaz gainera. Planaren azken eguneratzetik lau urte pasa ondoren, eta 10 urte lehen plana idatzi zenetik, Udalak herriko Irisgarritasun Planaren berrikuspen berri bat egitea erabaki zuen 2018an, bertan Elgoibar gaur egun den moduan islatu dadin. Hala, 17.500 euro (BEZa kanpo) bideratu ditu plan hau gauzatzeko.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak azaldu du lau urteko epean Elgoibarko espazio garrantzitsuenak irisgarriak izatea dela plan honen helburua. "Azken eguneratze honi esker, Udalak badu hurrengo urteetan jarraitu behar duen bide-orria, etorkizunera begira eraiki nahi den Elgoibar irisgarria marrazten duen dokumentua.” esan du Beitiak. Horren harira, Beitiak azpimarratu duenez, aipagarria da Udala esparru honetan egiten ari den lana, mota guztietako proiektuak abiarazterako orduan irisgarritasunaren gaia "barneratuta" dutelako, "nahiz eta kasu batzuetan ez den bideragarria arrapala batek suposa dezakeen espazioagatik, Bolatokiko parkean egiten diharduten obren kasuan gertatzen den moduan, baina beti saiatzen gara bide horretatik joaten".
Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek planak jasotzen dituen lanetako bat nabarmendu du, Urazandiko eskailera mekanikoen ordez igogailuak jartzea, ingurua egokituz. “Proiektu honen berri eman zitzaion auzoko bizilagunen elkarteari. Plan honek jasotzen duen eta gaur egun aztertzen ari garen beste jarduketetako bat King Kongeko zubiko obrak dira. Irisgarritasuna hobetzeko eta Urazandi erdigunearekin lotzeko hainbat aukera aztertzen ari gara. Hala ere, har daitezkeen neurriek, beste erakunde batzuk egin beharko lituzketen txostenen oniritzia beharko lukete, Uraren Euskal Agentziarena adibidez", azaldu du Arraizek.
Zazpi liburuki ezberdinetan banatu dute plana, bertan jasotzen dira esparru guzti horien analisia, diagnostikoa eta esku-hartze proposamenak. Pertsona ororen gaitasunak kontutan hartuta egin dute analisia, eta edonork erabiltzeko moduko herria izatea da azken helburua. Legeak jasotakoa betetze aldera, esparru bakoitzari dagozkion proposamenetan, etapa ezberdinak banatu dituzte, udalak, urtez urte egindako inbertsioen bidez, aurkitutako arazoak konpon ditzan, ikuspegi ekonomiko ahalik eta erreal zein eraginkorrenaren arabera. Liburuki bakoitzeko edukiak honakoak dira:

  • Alderdi orokorrak
  • Araudia
  • Bide publikoetarako ekimen plana
  • Udal eraikinetarako ekimen plana
  • Garraiorako ekimen plana
  • Komunikazio eta seinaletika irisgarria
  • Irisgarritasun planaren sintesia

Udal arduradunek espero dute planaren eguneratze honetatik ateratako dokumentu hau tresna baliagarri bihurtzea udaleko teknikarien egunerokotasunean. Eta era berean, herritarrei dagokionez, herriko espazioak, udal-eraikin guztiak eta garraio azpiegiturak pertsona ororentzat irisgarriak izan daitezen lortzeko.
Irisgarritasun Plana Javier Regalado Herrero arkitektoaren zuzendaritzapean burutu da. Taldean, Itziar Rodríguez Oyarbide arkitektoa eta Rafael Santander Orcasitas Irisgarritasun Teknikaria eta Enpresa Zientzietan Diplomatua aritu dira. Itziar Rodríguez arkitektoa izan ezik beste kideak gure Erkidegoan, irisgarritasunaren esparruan, erreferentzia izan den ADIR enpresako langile izandakoak dira eta udal Irisgarritasun Planak egiten eskarmentu handia dute.

2020 01 24 irisgarritasun planaren azala elgoibar udala