Bilboko Euskararen Etxeak antolatuta, Komiki Digitalen Lehiaketa egin dute aurten, laugarrengoz. Euskal Herriko ia 4.000 ikaslek hartu dute parte, eta bigarren saria eskuratu dute Gorka Mugerza Garcia eta Markel Sanchez Fernandez De Jauregi ikasle elgoibartarrek, LH 5. eta 6. mailakoen artean.
Elgoibarko Udalak bi robotika tailer antolatu ditu, industria sektorea bultzatzen jarraitzeko helburuarekin. Iaz hasitako bidetik, Robotika Dibertigarria izeneko tailerra da bata; eta, berrikuntza moduan, hamalau urtetik gorako gazteentzat pentsatutako bigarren tailer berri bat ere antolatu dute, Robotika Digital Open Lab izenekoa. Irailaren 23ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.
Elgoibar Ikastolan eta Elgoibarko Herri Eskolan gaur hasi dute ikasturte berria ikasleek eta Oin Alai egitasmoak ere martxan jarraituko du ikasleak goizetan ikastetxeetara elkarrekin joateko. Gaur, lehen eguna izanik, trikiti doinuekin girotuta egin dute eskolako bidea.
Igor Arriola Nicolas elgoibartarrak eskuratu du IMHko ikasle ohi aipagarriaren saria, 14. IMH Sarietan. Alcorta Forging Group enpresako bezeroen harremanetarako kudeatzailea da. IMHren arabera, “Lanbide Heziketatik abiatu eta ibilbide profesional eredugarria egin duela aitortu nahi dugu, lan munduan egindako progresio txalogarriagatik”.