Elgoibarko Udalak ongietorria egin die auzolandegian parte hartuko duten hamasei gazteei. Atzo ailegatu ziren Elgoibarrera Espainiar estatuko hainbat lekutatik datozen gazteak. Bi lan nagusi izango dituzte. Batetik, Moruko aztarnategi arkeologikoa balorean jartzeko lanak egingo dituzte; eta, bestetik, gazteekin gizarte-lanak egiteko lokal baten egokitzapenean lagunduko dute.
BARRENeko gaurko aleako Agenda Sailean oker argitaratu ditugu auzoetako jaietako datak. Sallobente-Ermuarango jaiak abuztuaren 3an, barixakuan, hasten dira eta lau egunekoak izango dira: abuztuaren 3 (barixakua), 4 (zapatua), 5 (domeka) eta 10 (barixakua). Santumotz eguna, berriz, abuztuaren 5an (domekan) izango da, eta Azkue auzoko jaiak abuztuaren 15etik 17ra izango dira, eguaztenetik barixakura. Vendettak, berriz, Santio Egunez joko du Mendaron, jarrita daukagun bezala, baina Santio Eguna uztailaren 25a da.
Autismoa duten pertsonen inguruan sentsibilizatzeko asmoz asteburuan egin duten itsas zeharkaldian parte hartu du Roberto Andonegi elgoibartarrak (Eibar, 1955). Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatu du Marea Urdinak, 64 kilometro, hasi Saturraranen (Mutriku) eta Hondarribira artekoa, eta igerilariei jarraika joan den ontzia gidatu du Andonegik.
Ustez bere gogoaren kontra ezkontzeko Algerian bere familiak atxikituta daukan Ljadra Said Hannuha 19 urteko gaztearen egoera salatzeko prentsaurreko agerraldia egin zuten bere lagunek, zapatuan, Eibarko Untzaga plazan. Pablo Garrido elgoibartarraren laguna da neska eta berak jarri du salaketa Ertzaintzan.
Bilbotik Elgoibarrera iritsi berria da Jose Irala Vidal (Huelva, Espainia 1967), hesi arkitektonikoak kentzeko gurpildun aulkian munduari buelta ematen ari den gizona. Distrofia muskularra diagnostikatu zioten 4 urte zituela eta gaitzak gurpildun aulkira eraman du. Epilepsia arazoak ere baditu eta minbizia ere diagnostikatu diote geroztik. Gaur 51 urte ditu eta 25 urte zituenetik alderrai dabil, "borrokan".