‘Zerua eta garia’ izenburupean garagardo azoka egingo dute Mendaron, Ukrainarekiko elkartasunez

Barren.eus 2022ko uzt. 1a, 11:17

Lau eguneko garagardo azoka antolatu du herritar talde batek Mendaron, Ukrainako egoera ezagutarazteko eta ahalik eta diru-kopuru handiena biltzeko Ukrainari laguntzen ari diren elkarteentzat.

Uztailaren 14, 15, 16 eta 17an egingo dute, eta egitarau zabala ari dira lotzen egun horietarako. Laguntza ere beharko dute, hala ere, eta boluntarioen zerrenda osatzeari ere ekin diote.

Ukrainak ez ditu orain lehen beste albistegi zabaltzen, baina, hala ere, egoera gaiztoa bizi dute oraindik, eta gerratik ihesi atzerrian errefuxiatu diren ukrainarrak milaka dira. Mendaron bertan ere badira handik ihesi etorritako bi familia, eta bada, era berean, aurretik etorritako beste familia ukrainiar bat ere. Eta jakina, haien bueltan, ondo antolatutako elkartasun-sare bat ere bada. Ukrainatik Euskal Herrira haurrak ekartzen dituzten bi elkartek -Txernobil.org eta Txernobilen Lagunak - eta Ukrainia-Euskadi kultur erakundeak beren aletxo partikularra jartzen dute gaur Mendarotik eta horiek egiten duten lana ezagutaraztea eta haientzat ahal den diru gehien batzea jarri dute helburutzat garagardo azokaren antolatzaileek.
 • Zerua eta garia
Zerua eta garia izena eman diote egitasmo solidario honi: Lau egun iraungo ditu garagardo azokak, eta egun bakoitza giza-talde jakin bati eskainitakoa izango da. Uztailaren 14a Ukrainako Eguna izendatu dute eta instituzioei eskainiko diete eguna; uztailaren 15a enpresen eguna izango da, eta uztailaren 16an, Gazteen Eguna. Azokako laugarren eguna, berriz, Umeen eta Nagusien eguna izendatu dute.

Gune zentrala Goñati frontoian egokituko dute, eta egunero berrehundik gora laguni jaten ematea aurreikusten dute. “Enpresen egunean, kopuru hori bikoiztera ere iritsi nahiko genuke”, zehaztu dute antolatzaileek. Aitortu zuten “erronka handia” jarri dietela beren buruei eta esan ere egin dietela auzokoek ur handiegitan ez ote diren sartu, baina Mendaro herrian sinisten dutela nabarmendu dute. Lan handia dago egiteko, nolanahi ere, eta dei egin diete herritarrei bakoitzak ahal duenean laguntzeko eskatuz. Uztargi tabernan utzi dute zerrenda, boluntario izan nahi duenak izena eman ahal dezan, eta sare sozialen bidez ere zabaldu dute laguntzeko bidea, bai eta diru-ekarpenak egiteko ere (Facebooken: ‘Zerua eta garia’)