Larraitz Zialtzeta: “Familia medikuen falta benetakoa da, eta epe motzean behintzat ez da egoera konponduko”

Barren.eus 2022ko uzt. 1a, 11:46

Larraitz Zialtzeta Adurizek (Elgoibar, 1978) betidanik izan ditu gustuko zientzietako gaiak, eta Batxilergoa amaitu zuenean argi zeukan Erizaintza, Nutrizioa edo Medikuntza ikasi nahi zuela. Azkenean, Medikuntza ikasi zuen Leioan, eta BAME (MIR) azterketa Iruñean prestatu zuen. Familia medikua espezialitatea aukeratu zuen, eta gaur egun Markinako Osasun Zentroan egiten du lan. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak egindako adierazpenen harira, berarekin batu da BARREN, familia medikuen lanbidea nolakoa den ezagutzeko, eta baita Lehen Arretan dagoen egoera zein den jakiteko.

 • Zer dela-eta aukeratu zenuen Medikuntza ikastea?
Batxilergo Zientifikoa egin nuen Institutuan eta argi neukan anatomia, biologia edo estilo horretako ikasgaiak gustatzen zitzaizkidala gehien. Erizaintza, Medikuntza edo nutrizio alorreko ikasketaren bat aukeratzea erabaki nuen, eta selektibitatearen ondoren geratu zitzaidan notak aukera ematen zidanez, Medikuntzan eman nuen izena EHUn. Euskaraz ikasi nahi nuen, baina ezin izan nuen karrera guztia euskaraz egin, eta zailtasunak izan nituen gaztelaniazko ikasgaiekin. Ezin izan nintzen bigarren ziklora pasatu, ez nuelako dena gainditu, eta hain justu ere gaztelaniaz irakasten zizkiguten ikasgaiak suspenditu nituen. Orduan konturatu nintzen ez nintzela erabat elebidun. Klasea jarraitzeko kapaz nintzen, baina apunteak gaztelaniaz hartzea izugarri kostatzen zitzaidan. Karrera amaitu ondoren, BAME azterketa egin behar da, eta jende asko Oviedora joaten da, baina nik etxetik gertu egon nahi nuen, eta Iruñean egin nuen. Astelehenetik ostiralera egoten nintzen han, eta asteburuetan etxera etortzen nintzen. Nire kabuz ikasten nuen zapatuetan eta domeka deskantsatzeko aprobetxatzen nuen. Ekainetik urtarrilera egon nintzen azterketa prestatzen, eta nire buruari esan nion behin bakarrik pasatuko nintzela tramite horretatik, beraz, gainditu egin behar nuen. Oso gogorra izan zen, gaixotzeko modukoa. Iruñean egonda, sanferminak ikusi ere ez nituen egin!

 • Espezialitatea aukeratzeko ordua iritsi zenean, familia medikua izatea aukeratu zenuen.
Bai, dudarik gabe. Familia medikua espezialitatea egin nahi nuen, Mendaron. Ez nuen Euskal Herritik irten nahi, etxetik gertu egon nahi nuen, eta, gainera, iruditzen zait familia medikuak hobeto formatzen direla eskualdeko ospitaleetan probintziakoetan baino. Ospital txikiagoak dira, eta arreta ezberdina jasotzen duzu, ospitale handietan espezialitatea egiten ari diren egoiliar gehiago egoten direlako. Sei urteko ikasketak dira, gero BAME prestatu eta beste hiru urteko espezialitatea egin behar da. Ia hamar urteko ikasketak dira, eta Lehen Arreta ez da apenas lantzen; nik hilabeteko praktikak soilik egin nituen, baina konturatu nintzen gustatzen zitzaidala lan hura. Ez nuen nire burua bizitza guztian kardiologian ikusten, adibidez, baina bai ikusten nintzen familia mediku moduan. Espezialitate batzuetako medikuek Osasun Zentroetan pasatzen dituzte kontsultak, Eibarren esaterako, Osasun Zentroan ospitaleko kanpo kontsulta batzuk daude, baina ez nuen nire burua ikusten bizitza guztian espezialitate berean. Familia medikua izan nahi nuen, eta argi utzi nahi dut gu ere espezialistak garela. Jende askok uste du espezialistak beste guztiak direla, baina hori ez da horrela. Nik bereizten ditut ospitaleko espezialistak eta Lehen Arretako espezialistak.

 • Zuk argi zeneukan familia medikua izan nahi zenuela, baina ez da ohikoena. Zergatik uste duzu medikuntza ikasleek ez dutela familia mediku izan nahi?
Familia medikuen espezialitatea gutxietsita dago. Osakidetzak berak askoz diru gehiago inbertitzen du ospitaleetan Lehen Arretan baino, eta ez dut esaten ospitaleetan ez denik inbertsiorik egin behar, egin behar da, eta handia, baina Lehen Arretan ere bai. Eta ez naiz ari esaten makinarian inbertsio handiagoa egiteko, pertsonetan inbertitu behar da. Mediku faltaren arazoa aspalditik dator, eta nik euro bat jokatu beharko banu, esango nuke egoerak okerrera egingo duela oraindik. Familia medikuak belaunaldika jubilatuko dira, eta mediku berriak prestatzeko hamar urte behar dira. Gu karreran hasi ginenean mediku asko langabezian zeuden, eta haietako asko beste lanbide batzuetan ibili dira urteetan, medikuak falta zirela esaten hasi ziren arte, baina gaur egun ez dago medikurik langabezian. Ez dago medikurik, hori da kontua. Ni bi aste egon naiz lanetik kanpora, eta ordezkoa izan dugu ordu batzuetarako, baina ez da ohikoena. Mirariaren parekoa izan da. Ez dago ordezkapenak egiteko medikurik, eta, hala ere, esango nuke Euskal Herrian Osasun Publiko ona daukagula.

 • Zein da familia medikuen eguneroko laneko errealitatea?
Bi astez lanera joan gabe egon ondoren, eta ordezkoa lanean egon dela kontuan hartuta, lehenengo egunean 40 zeregin izan ditut. Erdiak aurrez aurreko kontsultak izan dira, eta beste 20 zereginak telefono bidezko kontsultak edo zeregin administratiboak. Hamar minutu ditugu esleituta aurrez aurreko kontsultetarako, bost telefono bidezkoentzako eta zeregin administratiboetarako ere bost minutu. Denboraz justu samar ibiltzen gara, hori egia da. Bestalde, ez daukagu, esaterako, formaziorako aukera askorik, ez norbera formatzeko eta ezta mediku egoiliarrak formatzeko ere. Gure Markinako osasun zentroa txikia da, landa eremuko jende asko hartzen dugu, eta formaziorako tarte txikia daukagu, baina praktiketako erizainak, esaterako, urtero hartzen ditugu eta seigarren mailako medikuntzako ikasleak ere noizbait eduki izan ditugu. Baina bestela, behin plaza finkoa eta egonkortasuna lortuta, lan baldintza duinak ditugula iruditzen zait. Soldata ona da, ordutegia ere bai, ez dut guardiarik egiten... Nik argi neukan ez nuela guardiarik egin nahi, eta ez dut hori aukeratu, baina nahi duenak badauka aukera hori ere.

 • Medikuak beharrean kontsulta batzuk erizainek hartu beharko dituztela euren gain esan zuen Gotzone Sagardui Sailburuak.
Erizainek lan asko egiten dute pazienteekin orain ere, baina medikuen lana ezin dute erizainek egin, alderantziz ere egin ezin den bezala. Gure lana taldean egiten da, eta denok daukagu denon beharra, baina bakoitzak bere lanak ditu. Medikuak erizaina behar du, eta behar du baita ere erizain laguntzailea edota zeladorea.

 • Politikari batek euskara eskakizunari bota dio mediku faltaren errua.
Hori izan da egoerari probetxua atera nahi izatea. Nire ustez ezin dira hizkuntza eta osasun arreta nahastu, eta argi daukat familia medikuen artean euskara ez dela oztopo, euskaraz atenditzeko gai dira gehienak. Une honetan baina, ez dago familia medikurik, ez euskaldunik, eta ez, erdaldunik.

2022 06 30 larraitz zialtzeta familia medikua BARREN elk