Udalak 7000 euroko diru-laguntza emango dio Jubilatuen Biltokiari 2022an hainbat jarduera burutzeko

Barren.eus 2022ko eka. 21a, 17:11

Elgoibarko Udalak eta Jubilatuen Biltokiak hitzarmen bat sinatu dute herrian zahartze aktiboaren eskaintza sustatzeko.

Hitzarmen honen helburua da Udalak Elgoibarko Jubilatuen Biltokiari 2022an emango dion diru-laguntza formalizatzea, bere jarduerak gauzatzeko, hala nola: memoria-tailerrak, prebentzio- eta kultura-hitzaldiak, Zine Foruma, teknologia berriak erabiltzeko tailerrak, txangoak, nagusien asteko programazioa edo areto-jokoak, dantza-eskola eta dantza-saioak, eta abar.

Udalak 7038 euroko diru-laguntza emango dio Biltokiari 2022. urtean aipatutako jarduerak egiteko. Zehaztu dutenez, diru-laguntza bi epetan ordainduko dute: lehenengo zatia (% 90) hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean ordainduko du Udalak, eta bigarren zatia (% 10) hilabeteko epean, jasotako diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak aurkezten direnetik zenbatzen hasita.