Zientzia bada emakumeen kontua

Barren.eus 2022ko eka. 4a, 18:30

Etorkizuneko lanpostuen %80an zientzia eta teknologiako konpetentziak beharko direla diote gero eta ahots gehiagok, baina gaur egun oraindik, neska gazteek ez dute beren burua zientzia egiten ikusten, eta horren atzean zer egon daitekeen aztertu zuten joan zen maiatzaren 19an, Lilan, 'Zientzia bada emakumeen kontua' mahai-ingurura batu zirenek.

Lau emakume zientzialari aritu ziren jende aurrean; elgoibartarrak hiru: Leire Garate Rodrigo industria diseinuko eta produktu garapeneko ingeniaria (1988); Ane Garmendia Konde industria antolakuntzan ingeniaria (1982); Nagore Ruiz de Escudero Zapico telekomunikazio ingeniaria eta telematikan espezialdua (1983), eta hiru horien gidari lanetan, Ana Galarraga Aiestaran zientzia dibulgatzailea Elhuyarren (Zarautz, 1970).

Aurrez, baina, Elgoibarko Ipuin Lehiaketan saritu dioten ipuina irakurri zuen Herri Eskolako LH5eko ikasle Nora Leonardo Oñederrak, Senegaldik Elgoibarrera iritsi, euskara ikasi eta nagusitan itzultzaile automatikoa asmatuko duen neskato baten ingurukoa. Fikziotik abiatu eta errealitatearen gordinaz hitz egiten amaitu zuten, eta han bildutakoaren laburpen bat da gaur hona ekarri duguna.

2022 06 03 zientzia emakumeak mahai ingurua elgoibar 1

 • 2019-2020. urteetan ingeniaritza, industria eta eraikuntza alorreko graduak edo zikloak aukeratu zituztenen artean %29,1 bakarrik ziren emakumezkoak.
Leire: urteetan ikusi dugu datu hori, baina ingurura begiratuta esango nuke kopurua handitzen ari dela. Informatikan jaitsi egin da. Bioingeniaritzan igo, baina adibidez Kimikan jaitsi egin da eta jaitsiera hori kimikari Ingeniaritza Kimikoa izena eman ziotenean gertatu zen batez ere.
Nagore: Nire pertzepzioa, berriz, da Informatikan jaitsi egin dela. Telematikako lehen promozioa izan ginen gu Arrasaten eta ez dakit zergatik, baina erdiak inguru neskak ginen. Hala ere, lan-munduan gero ez ditut ikusi emakumeak. Kongresuetan ere atzamarrekin konta daitezke, eta denok ezagutzen dugu elkar. Azkeneko hamar urteetan perfil teknikoko neska bakarra sartu da CodeSyntaxen eta ez da nahi ez dugulako izan, ez daudelako baizik.

 • Zergatik hasi zineten zientzien munduan?
Nagore: Nahi nuke esan bokazioz hasi nintzela, baina ez. Nik nota onak neuzkan, ikasle ona nintzen, zientzia gustatzen zitzaidan eta ingeniaritza egitea pentsatu nuen. Nik uste dut makina-erremintaren bailara honetan jende askoren aukerak ez diola bokazioari erantzun.
Ane: Ni ere antzera. Ikasle ona nintzen, neba neukan Ingeniaritza egiten eta bide errazena horrek ematen zuen. Akordatzen naiz, baina, amak zer esan zidan Ingeniaritza egin nahi nuela esan nionean: 'Ziur zaude, Ane? Hori gizonen mundua da e!'. Gure ama andereñoa izandakoa da, eta hori esan zidanean, dudarik ez nuen egin: aurrera!
Leire: Niri gehiago gustatzen zitzaidan umeen mundua, baina etxean ikusten nuena beste hau zen. Aitak makina-erremintako enpresa dauka eta zapaturo joaten nintzen tailerrera. Neba ere diseinu ingeniaritza ikastetik zetorren eta inkontzienteki markatu ninduen. Eta animatu nintzen, eta gero, gustatu! Arrasatera joan nintzen, eta han, lehenengo urtean, gehiago ziren gizonak, mekanikako ikasleak eta diseinukoak batera geundelako, baina bigarren urtean banatu zituzten espezialitateak, eta diseinuan gehiago ginen emakumeak. Aitak niri Elektronika ikasteko esaten zidan, lan asko zegoelako, baina niri oso zaila iruditzen zitzaidan, ezer handirik jakin gabe.
Ikerketek erakusten dute emakumeen kasuan etxeko giroak sekulako eragina duela beren burua tradizioz gizonezkoenak izan diren alorretan ikusteko.

 • Emakumezko izateagatik tokatu zaizue diskriminazio egoerarik sufritzea edo ikustea gertuan?
Ane: Enpresan ez, baina bezeroekin dugun tratuan, lengoaian, bai, garbi. Bilera batean sartu eta gizonezkoei ingeniero Javier esatea eta niri señorita Ane oso ohikoa da.
Leire: Ez naiz baztertuta sentitu sekula.
Nagore: Nik ere lantokian ez dut sekula sentitu, baina lan munduan, badago. Bazterketa esplizitua ez, inork ezin duelako onartu hori gaur egun, baina inplizitua, bai, askotan, eta ez gizonezkoengandik bakarrik. Orokorra da, eta guk ere egiten dugu. Sentitu izan dut bilera batean proiektu bat lotzen egon bezero batekin eta gauza konkretu baterako lankide gizonezko bat sartu denean, ni bigarren plano batera pasatzea. Eta sentitu dut hori, bezeroa emakumezkoa izan denean ere. Ohartu gabe egiten ditugun gauzak dira. Ziurrenik nik neuk ere arreta handiagoa jarriko diot hitzaldi batean gizon bati emakume bati baino.

 • Zientzia arlotan Espainiako ikerketa zentroetako ikertzaile guztiak biltzen dituen grafikan ikusten da urtetik urtera nola gutxitzen diren emakumeak bidean. Zergatik uste duzue gertatzen dela?
Nagore: Faktore asko izango dira, baina nik uste dut jaitsiera oso lotuta dagoela adin bati eta ardura batzuei; jaitsiera ematen den garai horretan, jendea ezkondu egiten da, umeak izaten dituzte... eta oraindik zenbait ardura emakumeenak dira hemen. Gizonek konpromiso horiek askatasun handiagoz hartzen dituzte. Emakumeak hartuko ditu erabaki batzuk, ziurrenik zentzuzkoagoak direnak, baina bere ibilbide profesionalean eten bat suposatuko dutenak. Profesionalki hazten jarraitzeko karga gehiago dauzka emakumeak.
Ane: Dudarik gabe. Gizarteak guri jarri dizkigun zaintza-ardura horiek hor daude atzean gure erabaki guztietan. Gizonek ere izango dituzte, bai, baina beste maila batean. Bestetik iruditzen zait gizonekin lan egiten dugun emakumeak oso autoexijenteak ere bagarela geure buruekin. Nolabait, ez dugu nahi izaten gure errendimendu horretan emakume edo ama garenik igartzerik. Eta iruditzen zait harlauza handia zaigula hori. Esango nuke gizarte hau ez dagoela prest sortu dugun munstruo hau mantentzeko. Umeak ekarri eta guraso biak lanean egote hau ez da jasangarria. Ez dakit zein den eredu egokia, baina hau ez. Umeak zaindu behar ditugu eta gero gurasoak, eta sistema honi eutsi ezinda gabiltza denok. Desastre batean bizi gara. Legeak aipatuta, gauza bat esan nahi nuke amatasunaren inguruan. Jakingo duzuen bezala, Metaleko hitzarmena ez da irakaskuntzakoa: guk ezin dugu lau hilabeteko haurdun gaudela baja eskatu eta ehuneko ehuna kobratu. Orain, zortzigarren hilabetean eska genezake baja, lunbagoak jota gaituela arrazoitu beharrik gabe, baina nik esango dizuet nire lehen haurdunaldian haserre pasatu nituela aurreneko bi hilabeteak, sentitzen nuelako sistema hau mantentzeko pertsona bat nekarrela mundura, eta hala ere, bajako lehenengo bi egunetan ez nuela kobratu eta ondorengoetan, erditzen nintzen bitartean, soldataren %75a jasoko nuela. Urgentziazkoa da emakumeak jartzea legeak sortzen.

Irakurri osorik BARREN aldizkaruaren 1246. zenbakian-PDF-

2022 06 03 zientzia emakumeak mahai ingurua elgoibar ikusleak