Zigilatze-lanak amaituta, behin betiko itxi dute Urruzunoko zabortegia

Barren.eus 2022ko eka. 2a, 12:11

Urruzunoko zabortegi zaharraren lehenengo gunea 2013an itxi zuten, eta iaz, 2021eko uztailean, Mankomunitateak Aranbeltz errekaren ondoan, Elgoibarko Albitxuri industrialdetik gertu, kokatzen zen bigarren eremua zigilatzeko lanei ekin zien.

Bigarren eremu horretan ez zuten hondakinik jasotzen 2007az geroztik, baina euri-urak zabortegiaren ingurutik igarotzen ziren eta lixibiatuak (kutsatutako urak) sortzen ziren, Aranbeltz errekara iritsi zitezkeenak. Amaitu dituzte, baina, zigilatze-lanak eta behin betiko itxitzat eman dute zabortegia. Zigilatze-lanak amaitu ondoren, hormigoizko zola bat eraiki dute, eremua Mankomunitateko materialen biltegi gisa erabiltzeko, kamioiak eta furgonetak eroso moldatu daitezen beharrezko logistika lanak egitean. Obren kostu totala 1.441.117 eurokoa izan da, BEZa barne.

Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzea eskualde osoarentzat "aurrerapauso handia" eta "mugarri historikoa" dela adierazi du Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizek behin betiko itxieraren berri emateko lekuan bertan egin duten prentsaurreko agerraldian. Mankomunitateko lehendakariak, kudeatzaileak eta ingurumen teknikariak, Mendaroko eta Mallabiako alkateek eta Soraluzeko ingurumen zinegotziak hartu dute parte eremua nola geratu den erakusteko eta obren amaierako hausnarketen berri emateko antolatu duten ekitaldian. Zigilatze lanok helburu argi bat zutela azpimarratu du Arraizek: "Eskualdeko zabortegien aroari amaiera ematea eta eremuko biodibertsitatea berreskuratzea". Era berean, Mankomunitateko lehendakariak gogora ekarri du igande honetan, ekainaren 5ean, ospatuko dela Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, eta horrelako ekintzak direla "garapen jasangarrirako eragile aktibo bihurtzen gaituztenak". Honela azaldu du: "Ez dugu zabortegirik behar, eta eskualdean geratzen zen azkena itxi dugu kontrol neurri guztiekin. Gero eta hondakin ez-birziklagarri gutxiago sortzen ditugu, eta fokua gaikako bilketan jarri behar dugu orain, hondakinei bigarren bizitza bat emateko. Mankomunitatetik, gure zerbitzuak hobetzen eta herritarren eta gizarteko eragileen inplikazioa bultzatzen jarraituko dugu, Debabarrenako udalerri guztietan gaikako bilketa sustatzeko, hori baita eskualdeak jasangarritasunerantz aurrera egiteko modu bakarra”.

 •Helburu bikoitza
Mankomunitateko kudeatzaile Asier Lekubek azaldu duenez, zabortegiaren behin betiko zigilatzearekin batera geruza geosintetikoak jarri dituzte, Aranbeltz erreka ez kutsatzeko, eta gasak jasotzeko sare bat ere bai, inguruneko biodibertsitatea berreskuratzeko eta zaintzeko helburuarekin. Zabortegiaren bigarren eremuko zigilatze-lanak faseka egin dituztela azaldu du, "dagozkion kontrol-neurri guztiekin". Lekubek azpimarratu duenez, 2021aren hasieran egin ziren obraren aurreko lanak, hala nola Lurzoruaren Txostena, kontrol topografikoa, lurpeko uren eta lixibiatuen analisiak eta gasen analisia, zabortegia behar bezala ixteko kontrol neurri guztiak gainditzen zirela bermatzeko. Eta 2021eko uztailean hasi ziren Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak. Lanak amaitu ondoren, landaredia hazteko hazia bota dute, "inguruneko biodibertsitatea berreskuratzeko”.

 

2022 06 02 urruzuno zabortegia zigilatu agerraldia debabarrena elgoibar Barren

2022 06 02 urruzuno zabortegia zigilatu agerraldia debabarrena elgoibar Barren goitik

2022 06 02 urruzuno zabortegia zigilatu agerraldia debabarrena elgoibar Barren pano

2022 06 02 urruzuno zabortegia zigilatu agerraldia debabarrena elgoibar Barren gas

2022 06 02 urruzuno zabortegia zigilatu debabarrena elgoibar hormigoizko zola Barren