Errezabal egoitza berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta Aldundiak

Barren.eus 2022ko eka. 1a, 15:15

Errezabal egoitzaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko dute, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, eta obrak 2023an hastea aurreikusi dute.

Ane Beitia Elgoibarko Udaleko alkateak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko ongizate diputatuak Errezabal egoitza berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak maiatzaren 4ko osoko bilkuran onartutako Pilarreko ikastetxe zaharraren orubearen lagapena, bi erakundeen konpromisoak, jarraitu beharreko urratsak eta kronograma "zehatza" jasotzen ditu.

Errezabal izena edukiko duen egoitzaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko dute, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Obrak 2023an hastea aurreikusten dute agintariek.
Eraikiko duten finkaren azalera osoa 7.500 metro koadrokoa izango da. Ekipamendu-eraikin berriak, baina, 4.250 metro koadroko azalera izango du, eta zati hori utzi diote Foru Aldundiari.

2022 06 01 hitzarmena errezabal egoitza anebeitia maitepena

 • 110-130 plaza eta eguneko zentroa
Udaletik zehaztu dutenez, Elgoibarko adinekoentzako egoitza berriak 110 eta 130 plaza artean izango ditu, bizikidetza-unitate txikietan banatuta, eta Pilarreko ikastetxea egon zen lursailean eraikiko dute. Errezabal izena izango du, Pilarreko Gurasoen Elkartearen omenez, zeinak, aldi berean, bertan dagoen baserriaren izena hartu zuen. Egoitzaz gain, laguntza-ekipamenduak 30 edo 40 plaza dituen eguneko zentro bat hartuko du.
Egoitza berriak 10.500m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera. Ekipamendu berri hori 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da, gehienak banako logelak izango dira (logelen % 75 gutxienez), 19 metro karratukoak bataz beste, eta komunitatera irekita egongo da, inguruan izango dituen berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin, eguneko zentro batekin (40 plaza), unitate psikogeriatriko batekin (12-15 plaza izango ditu), eta 70 eta 150 aparkaleku artean izango ditu.
Aparkalekua egiteko lanak Elgoibarko Udalak hartuko ditu bere gain, eta ustiapena udalaren "eskumen esklusibokoa" izango da.
Era berean, Urazandi auzorako oinezkoentzako bigarren ibilbide irisgarria izango den igogailu publikoaren lehen zatia eraikiko dutela ere aurreratu dute Udaletik.

∞Lotura duten albisteak: