Gauerdira arte egin ahalko dira ostalaritzako zein kulturako jarduerak, ekainaren 2tik aurrera

Barren.eus 2021ko mai. 31a, 18:59

LABI batzordearen osteko agerraldian bost neurri iragarri ditu Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta eguaztenean ipiniko dituzte indarrean neurri berriak. Alabaina badaude beste neurri batzuk bere horretan mantentzen direnak, azken asteotako datuak kontuan hartuta.

LABIren Aholku Batzordeak aire zabaleko jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du. Dekretu berriak bost aldaketa jasotzen ditu indarrean dagoen Dekretuan jasotako neurriei dagokienez:

  1. Aire zabaleko kirol-jarduera pertsona-kopurua mugatu gabe egin ahal izango da
  2. 24:00ak arte egin ahalko dira jarduerak. Ez da bakarrik ostalaritzari eragingo, baizik eta beste jarduera guztiak, kulturari barne. Edonola ere, datozen hiru asteotan ez da aukerarik emango jatetxeetako mahaietan lau pertsona baino gehiago elkartzeko
  3. Garraio publikoaren irteera ordutegia gaueko 24:00ak arte luzatuko da
  4. Aisialdian hamar hamar lagun artekoak izan ahalko dira taldeak, egonkorrak direla ziurtatuz gero.
  5. Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan taldeak hamar lagun artekoak izan litezke.

2021 05 31 lhk urkullu labi ireki jaurlaritza

•Pandemiaren bilakaera ona bada, beste bederatzi neurri
Aipaturiko neurriok eguazten honetan, ekainaren 2an, sartuko dira indarrean, eta hogei eguneko epean berrikusiko dituztela aurreratu du Urkulluk, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada. Datuak onak badira, eta intzidentzia tasa 150 kasutik jaisten bada, beste bederatzi neurri har ditzaketela iragarri du Urkulluk. Honako hauek:

  1. Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01:00etara luzatzea.
  2. Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
  3. Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.
  4. Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
  5. Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.
  6. Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan.
  7. Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti % 60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
  8. Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
  9. Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.

Lehendakariak azaldu duenez, apirilaren amaieratik aurrera pandemiaren bilakaera positiboa izan da, azken aste honetan jaitsiera moteldu egin dela zehaztu badu ere, eta horrek "nolabaiteko ziurgabetasun ikuspegia zabaltzen du". Txertoen gainean ere berba egin du eta txertaketa kanpainaren bilakaera 2positiboa" dela azaldu du: "EAEko biztanleen %27k jaso du txertaketa osoa, eta beraz izan daitekeen inmunitate handiena dute, eta % 50ek, gutxienez, dosi bat jaso dute". Datuen berri eman ostean, zuhurtzia dela itxaropenaren aliatu onena azpimarratu du.

2021 05 31 neurriak LABI maiatzak 31 ireki jaurlaritza