Positibo bakarra atzeman dute Elgoibarren asteburuan, eta bost eskualdean

Barren.eus 2021ko mai. 31a, 12:54

Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, kutsatzeek nabarmen egin dute behera Debabarrenean. Barikutik domekara bitartean bost koronabirus positibo atzeman dituzte (21 kasu izan ziren aurreko asteburuan).

Aurreko asteburuan baino hamasei koronabirus positibo gutxiago atzeman dituzte barikutik domekara bitartean Debabarrenean, bost guztira (aurreko asteburuan 21 izan ziren; eta, 19 aurreragokoan). Eskualdeko intzidentzia-tasak ere behera egin dute eta 200eko langatik behera daude herri guztiak, Lurraldeko bataz-bestekoaren azpitik.

Hona Debabarrenako asteburuko datuak, herriz herri (maiatzaren 21tik 30era):

  • Elgoibar +1    (0 barikuan, 0 zapatuan, 1 domekan) 181,98ko intzidentzia-tasa
  • Deba +0    (0 0 0) 146,71
  • Ermua +2    (0 1 1) 124,85
  • Mallabia +0    (0 0 0) 84,03
  • Soraluze +0    (0 0 0) 75,49
  • Eibar +1    (0 0 1) 50,96
  • Mendaro +0    (0 0 0) 47,28
  • Mutriku +1    (0 1 0) 37,64
  • GIPUZKOA +315    (133 94 88) 206,12

 

Hego Euskal Herrian moteldu egin da beheranzko joera. Positibotasun tasak mantentzera egin du eta oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egiten jarraitu du asteburuan, eta 1,02koa izan da atzo eta herenegun. Gauzak horrela, azken bi egunetan pandemia hedatu egin dela ondoriozta daiteke.
Ospitaleetan, 90 lagun ospitaleratu dituzte azken hiru egunetan Osakidetzaren mendeko ospitaleetan; horietatik 31 atzo. Guztira 259 dira EAEko erietxeetan ospitaleratuta daudenak. Datuek hobera egin dute aurreko astekoekin alderatuz gero. Duela astebete 212 lagun zeuden ospitalean, eta horietatik 117 ZIUetan.
LABIren bilera
Pandemiaren bilakaera aztertu eta indarrean dauden neurriak arindu ala ez berrikusteko bilera egingo du gaur arratsaldean LABIren Aholku Batzordeak.

∞Lotura duten albisteak: