Carmelo Urdangarin hil da, ekonomilaria, idazlea eta antzinako ofizio eta lanabesak jasotzen urteak eman dituen kultur gizona

Barren.eus 2021ko mai. 15a, 16:34

Atzo hil zen Carmelo Urdangarin, 89 urterekin. Sortzez debarra zen, ikasketaz ekonomilaria, baina bestelako esparruetan ere nabarmendu zen gure eskualdean nahiz kanpoan, bereziki kultur arloan egindako lanagatik. Julen Zabaleta Barrenetxea artista elgoibartarraren lana eta berea eskutik joan dira urte askoan. Antzinako ofizioen inguruko makina bat artikulu eta liburu argitaratu zituen Zabaletarekin batera, esate baterako.

 Jaiotzez debarra zen Carmelo Urdangarin, baina arrasto sakona utzi du Debabarrena eskualde osoan. 1932an sortu zen eta atzo hil, Zumaian. Ekonomilaria, enpresaria eta kultur arloko ekintzailea izan da Urdangarin. Peritu-ikasketak eta merkataritza-irakaskuntzarako ikasketak egin zituen, eta zuzendaritza-karguak bete zituen hainbat enpresatan, hala nola, Orbean, Euskadiko Kutxan (enpresa-barrutia) eta Danobaten. 1997an hartu zuen erretiroa Danobaten. Kutxa eta Lagun Aro entitateetako zuzendaritza-organoetako kidea ere izan zen, bai eta Euskal Meatzaritzaren Museoaren Fundazioaren patronoa ere 2009tik 2014ra bitartean.

Ekintzailea zen, baina, ezeren gainetik, herrigintzari estuki lotutako gizona. Deban eraiki nahi izan zuten zentral nuklearraren kontra ere aritu zen bere garaian, eta makina bat hitzaldi eman zituen han eta hemen. Kultur munduan ere arrasto handia utzi du Urdangarinek. Aranzadi Elkartearen, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren Fundazioaren partaide ere izan zen, eta hainbat komunikabidetan ere kolaboratu zuen, tartean Euskadi Irratian eta Herri Irratian.

Tokiko aldizkariekin ere begirune handiz jardun zuen beti. Itzaleko kolaboratzailea izan genuen gurean ere, eta behar izan genuen guztietan izan genuen laguntzeko. Historiarako eta etnografirako zaletasun handia zeukan, eta eskulangintzari eta garai bateko ofizioei buruzko milaka artikulu eta hogeitik gora liburu idatzi zituen, euretako gehienetan Julen Zabaleta artista elgoibartarra lagun zuela. Zabaletak egin izan ditu haren liburuetako ilustrazio asko eta asko. 2008an Sigma enpresaren historia jaso zuen Estarta y Ecenarro “Sigma” liburuan.

Gure Balioak saria ere jaso zuen 2013an, gizarte-balioen alorrean egindako ibilbideagatik. Bereziki, enpresa, kultura zein gizarte esparruan gaztetatik erakutsitako lankidetzarako gaitasuna nabarmendu zituen orduan epaimahaiak.