Edoskitzeari buruzko argazki lehiaketa antolatu du Debabarreneko ESIk bosgarren urtez jarraian

Barren.eus 2020ko urr. 20a, 14:46
Irailaren 16an zabaldu zuten argazki lehiaketan parte hartzeko epea eta azaroaren 16ra arte jasoko dituzte argazkiak, bpso.osidebabarrena@osakidetza.eus helbidean.

 Haur jaioberriaren lehenengo hilabeteetarako elikagai egokiena amaren esnea da, haurrari behar nutrizional, immunologiko eta emozional guztiak betetzen dizkiolako. Hala frogatu dute Osasunerako Mundu Erakundeak, Unicefek eta Ihanek egindako ikerketetean, besteak beste. Eta Debabarreneko ESIn amekin lan egiten dute bereziki edoskidetze aldia ama-umeentzat, bientzat, izan dadin gozoa eta zoriontsua. Asmo horrekin sortu zuten erakusketa bera ere, edoskitzearen garrantziaz ohartarazteko. Aurtengo lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago joan zen irailaren 16az geroztik eta hasita daude argazkiak jasotzen. Antolatzaileek jakinarazi duten parte-hartzaileek gehienez hiru argazki aurkeztu ahal dituztela lehiaketara, koloretan nahiz zuri-beltzean.  Argazkiarekin batera inskripzio dokumentua bidali beharko dute parte hartzaileek, bai eta antolatzaileei irudi hori jaso eta zabaltzeko baimena eman ere. Lehiaketaren oinarriak eta gainerako jakingarri guztiak hemen topa ditzakezue, edo nahiago baduzue Facebooken, Debabarrena ESIren orrialdean. Sari banaketa, berriz, abenduan egingo dute, Mendaroko Ospitalean.