Beste koronabirus kasu bat atzeman dute Elgoibarren

Barren.eus 2020ko api. 23a, 16:16

Debabarrenean hiru koronabirus kasu atzeman zituzten atzokoan, horietako bat Elgoibarren.

Beste bi kasuak Eibarren atzeman dituzte. Osasun Sailak datuak argitaratzen hasi zenetik, gure eskualdean 418 lagunek eman dute positibo COVID19an. Azken egunetan egiaztatutako kasuen hazkundea oso motela da, edo ez da hazkunderik eman. Apirilaren 21ean zazpi kasu atzeman zituzten eskualdean, baina aurreko bi egunetan bakar bat ere ez.

Ospitaletan 64 lagun daude Covid-19arekin ingresatuta, atzo baino bi lagun gutxiago. Horietatik 50 Eibarko ospitalean ingresatuta daude, eta hamalau Mendaro Ospitalean.

Hauek dira herriz herri atzemandako kasuak:

  • Eibar 195
  • Ermua 155
  • Elgoibar 37
  • Mutriku 10
  • Soraluze 11
  • Deba 6
  • Mendaro 3
  • Mallabia 1
  • DEBABARRENA: 418


 • COVID-19ko balizko pazienteen baheketa
Hego Euskal Herriko datuei dahgokionez, 492 gaixo berri daude; aurreko egunean 341 izan ziren. Positibo berrien banaketa lurraldeen arabera honakoa da: Araban 43, Bizkaian 311, Gipuzkoan 43 eta Nafarroan 95. Gainera, azken orduetan beste 51 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, aurreko eguneko datuaren bikoitza. Datu metatuei dagokienez, dagoeneko 18.430 lagun kutsatu ditu COVID-19 gaitzak Hego Euskal herrian eta 1.576 hil ditu.

Errekuperatuak bestalde, 614 izan dira azken orduetan eta honenbestez, ospitaleko alta jaso edo osatu direnak, guztira 9.581 dira Hego Euskal Herrian.

Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez, beren borondatez parte hartuko duten 4.147 pertsonari zuzendutako baheketa selektiboko plan bat jarriko dute martxan astelehenean. Sintomengatik bere garaian COVID-19 gisa diagnostikatu ziren baina testik egin ez zitzaien pertsonei zuzenduta dago, gaixotasuna zenbat aldiz pasatu duten eta immunizatuta dauden egiaztatzeko.

Baheketa selektibo hori seroprebalentzia-azterketarekin batera hasiko da, kasu honetan biztanleria orokorrari zuzendua. Carlos III.a Osasun Institutuak gidatuko du ikerketa. Nekane Murgaren berbetan, biztanleriaren immunitate-maila aztertzeko bi tresna osagarri dira, "pandemiaren benetako dimentsioa hobeto ezagutzeko eta, ondorioz, osasun publikoko neurriak egokitzeko, ahalik eta modu eraginkor eta seguruenean aurre egiteko".2020 04 23 covid19 positibo metatuak debabarrena apirilak22 etakitto