Egunean ordubetez irten ahalko dira umeak kalera domekatik aurrera

Barren.eus 2020ko api. 23a, 11:28

Haurren ateraldien inguruko xehetasunak eman ditu, gaur goizean, Espainiako Gobernuak. Umeak egunean behin irten ahalko dira, etxetik kilometro batera urrutienez eta 9:00etatik 21:00ak arte.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Salvador Illa Osasun ministroak eman dituzte, gaur, haurren ateraldien inguruko xehetasunak.

  • Haurrak guraso batekin edo anai-arreba nagusi batekin irten ahalko dira kalera, gehienez ere, hiru haur batera irten ahalko dira.
  • Etxetik irtetean segurtasun tartea mantendu beharko dute, ahal dela bi metroko tartea, eta, ezin baldin bada, gutxienez metro batekoa. Umeen arduran dagoen heldua izango da neurri horiek betetzen direla ziurtatzeko ardura izango duena.
  • Haurrek ere ahal dela segurtasun eta higiene neurriak bete behar dituzte, eta horiek bete ezin direnean erabili beharko dira maskarak. Maskarilla erabiltzea "gomendio" bat da oraingoz.
  • Umeek kalean jolasteko aukera izango dute, "salto, korrika eta jarduera fisikoa egiteko baimena", eta horretarako etxetik jolasak atera ahalko dituzte; baloia, patinak edo antzerakoak. Hala ere, zehaztu dute parkera ezingo direla joan. Elgoibarren zein Mendaron prezintatuta jarraitzen dute jolas parkeek.
  • Landa eremuko haurrek mendi ingurura joateko baimena izango dute, baina betiere segurtasun tartea gordeta eta ordutebez.

Espainiako Gobernua haurren ateraldien inguruko xehetasunak zehaztuko dituzten gida bat idazten ari da, eta gida hori sarri argitaratuko dutela azaldu du Pablo Iglesiasek.

Haurrak ateratzeko plana pediatra, psikologo, irakasle eta epidemiologoekin batera adostu dutela jakinarazi du Espainiako Gobernuak. Duela bi aste txosten bat egiteko eskatu zion Gobernuak Espainiako Pedriatren elkarteari eta zortzi adituk eginiko txostenean umeei ahal bezain laster kalera irtetea lagatzea gomendatzen zuten. Europako konfinamendu neurri zorrotzenak bizi izan dituzte 8,3 milioi umek, azken sei asteetan ezin izan baitute etxetik irten.

2020 04 21 elgoibar umeguraso kalean

∞Lotura duten albisteak: