Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara eramateko botika bilketa egingo dute Elgoibarren

Barren.eus 2020ko ots. 18a, 20:14

Sahararen aldeko elkartasun maratoia egingo dute otsailaren 22an eta Euskal Herritik ere joango dira hainbat saltakari. Horiek, kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuentzako laguntza eramateko probestuko dute bidaia. Botikak behar dituzte bereziki.

Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren eguna da, eta aldarrikapen egun hori baliatzen dute Sahararen aldeko elkartasun maratoia antolatzeko. Aurtengoa otsailaren 22an izango da. 25 herrialde ingurutik joandako 400 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute maratoiaren 20. ekitaldian, eta izango da antxitxikari euskaldunik horien artean, 11 bat guztira. Ainhoa Lendinez elgoibartarra da horietako bat. Azken aldian zapaldu dituen mendi garaietako elur eta izotzetatik desertuko harea zapaltzera pasatzea polita izango dela dio. Maratoia amaitzea du helburu, baina badira abentura honetan sartzera bultzatu duten beste helburu batzuk. Izan ere, lasterketa baino gehiago da. Elkartasun lasterketa egiteaz gain, parte hartzaileek Aljeriako kanpalekuetan bizi diren sahararrekin igaroko dute astea, eta egun horietan ikastetxeak, ospitaleak eta kooperazio proiektuak bisitatuko dituzte, hango errealitatea bizitzeko.

Era berean, bidaia aprobetxatu nahi dute kanpalekuetan bizi direnen beharrizanei erantzuteko. Errefuxiatuak nazioartetik jasotako laguntzagatik bizi baitira batez ere. Elikadurarekin arazo handiak dituzte, eta baita osasunarekin ere. Kanpalekuetan lanean diharduten medikuek eta erizainek hainbat botika eramateko eskatu diete, baina umeentzako arropak eta antzerakoak ere eskertuko dituzte. Hona behar dituzten gauzen zerrenda:

  • Paracetamol (umeentzako jarabea)
  • Paracetamol (compr. 500mg edo 1gr)
  • Ibuprofeno (umeentzako jarabea)
  • Ibuprofeno( compr 600mg edo 1gr)
  • Omeprazol (20)
  • Sindiar/Fortasec
  • Gasak eta bendak
  • Povidona/Betadine
  • Konpresak
  • Eskularruak (esterilak eta ez-esterilak)
  • Kondoiak
  • Haurduntza-testak
  • Betaurrekoak (eguzkitakoak zein graduatutakoak)
  • Ampicilline (umentzako)
  • Ciproflaxicinas
  • Glucometro, tirak eta orratzak (diabetesa neurtzeko)
  • Enalopril 20 mg
  • Insulina 30 mg
  • Metoformina 850 mg

 • Botikak barikua baino lehen

Datorren zapatu goizean abiatuko dira Sahararantz. Hortaz, barikua baino lehen jaso behar dituzte eskatutako botikak. Jendeak etxean dituen botikak ere jasoko dituzte, betiere iraungita ez baldin badaude. Ekarpenak egiteko Ainhoa Lendinezekin jarri behar da harremanetan. Honako e-posta helbidera idatzi behar dute: loramen@dantzan.com. Edo bestela Garate jantzidendara eraman ditzakete botikak.

Saharar Ilargi Gorria, Fronte Polisarioa eta Otsailak 27 Koordinakundeak urtero antolatzen duten elikagaien bilketa kanpaina ere egin dute. Azken urteetan Elgoibarren ere batu izan dituzte elikagaiak bertako supermerkatuetan, baina aurten ez dute egin. “Otsailak 27” Euskal Elkarteen Koordinakundeak gogorarazi duenez, euskal karabanak Tindufeko (Aljeria) basamorturako bidea hartuko du, eta bertan babestuta dauden 260.000 errefuxiatu sahararrei bideratuko zaizkie jakiak.