Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale neurketa egin zuen iaz, eta neurketa horren emaitzak aurkeztu zituen ikerlanaren zuzendari Olatz Altunak (Usurbil, 1971) joan den astean, Bilbon egindako Soziolinguistika Jardunaldietan. Han aurkeztutakoak honako lerro hauetan bildu ditu Urolako Komunikazio Taldeak, Aitziber Arzallus kazetariak Altunari egindako elkarrizketan.
Debabarrenean behera egin du kaleko euskararen erabilerak (%2,2) azken bost urteetan. Azken neurketen arabera herritarren %24,3 aritzen dira euskaraz eskualdean. Euskara gehien entzuten den Euskal Herriko eskualdea Debabarrenarekin mugakide den Lea Artibai (%76) da. Debabarrena, bederatzigarren postuan ageri da.
Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere UEMAk udalerri euskaldunetan, eta Mendarok ere bat egin du kanpainarekin.
Eguaztenean aurkeztu zituen Soziolingustika Klusterrak 2021ean Euskal Herrian egin zuen hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak. Euskararen kale erabileraren datu orokorrak ez du gorabeherarik izan azken bost urteetan (%12,6), baina eremu geografiko, adin-talde eta sexuen araberako ondorio adierazgarriak utzi ditu ikerketak. Hona hainbat.