Urriko azken zapatua bizi-bizia dator Elgoibarrera. Hileko azken zapatuko nekazal feriaz gainera, Elgoibarko Artisau eta Eskulan Azoka antolatu du Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak bigarren urtez jarraian. Kantu Eguna ere zapatu honetan izango da.
Ertzaintzaren auto batek istripua izan du gaur gauean, 20:40ak inguruan, Lerun industriagunean, Lerun jatetxearen aurrekaldean, hain justu ere. Dirudienez lapurtutako auto baten atzetik zebiltzan ertzainak, eta geratzera joan direnean hark jo egin du berena. Ez da zauriturik izan.
Txileko Patagoniako Hoste uhartean esplorazioa, eskalada, bertako glaziarren gaur egungo ezaguera eta kartografia, zein ikerketa historikoa uztartzen dituen proiektua da Incognita Patagonia. Lau lagunek hartuko dute parte espedizioan, tartean Eñaut Izagirre elgoibartarrak. Espedizioak The National Geographic Society elkarte prestigiotsuak eskaintzen duen Young Explorers Grant beka jaso du eta baita Joxe Takolo beka ere.
Jakinminak saria ekarri dio Enekoitz Lazarobaster mendaroarrari. Eta ez edonolakoa, gainera: 150 euro dirutan eta Angiozarko jatetxe batean bi lagunentzako otordua irabazi ditu, modu benetan bitxian. Angiozarren ohitura dute urtero-urtero San Migel zaindariaren irudira egindako panpina zeruratzekoa, eta aurten Itziarren amaitu du bere hegaldia, pinadi batean, sastraka artean kateatuta, eta Enekoitz Lazarobaster mendaroarrak lagundu dio lurreratzen. Panpina bere eskuetara nola heldu den kontatu digu.