404: sormena eta autoezagutza lantzeko karta jokoa

Barren.eus 2021ko ira. 24a, 13:58

Mondragon Unibertsitateko LEINN (Lidergotza Ekintzailetza eta Berrikuntza) graduko 4. mailako ikasleak dira Joseba Astigarraga eta Laia Polo. Learning by doing ikasketa sisteman oinarritzen da gradua, hau da, egiten ikastean, eta ikasketak hasteaz bat, enpresak sortzen dituzte ikasleek. Duiit enpresa sortu zuten 12 lagunek 2018an, eta horren barruan hainbat proiektu dituzte martxan. Iaz, Konekta proiektua jarri zuten martxan Josebak eta Laiak, Ainhoa Mugerza pedagogoarekin batera, hezkuntza sistemak dituen hutsune edo gabeziak betetzeko asmoz. “Hezkuntza sisteman irakasten, lantzen eta garrantzirik ematen ez zaien hainbat konpetentzia eta gaitasun” identifikatu zituzten, eta horiei erantzuna emateko beharra somatu zuten. Ikusi zuten hezkuntzak ez dituela norberaren konpententzia eta gaitasunak lantzen, eta askotan gazteek ez dakitela zeintzuk diren: “Gazteek nortzuk diren jakin eta onak zertan diren jakin behar dute etorkizuneko erronka desberdinei aurre egiteko”. Gabezia horri erantzuteko 404 karta joko didaktikoa sortu dute. Sormena garatzen duten bitartean, gazteei beren gaitasunak detektatzen laguntzen dien karta jokoa da 404. Interneteko webguneek arazoak dituztenean 404 errore kodea ematen dute askotan, helbidea aurkitu ez dela adierazten duen errorea da eta not found jartzen du askotan. Horri keinua egin nahi izan diote gazte ekintzaile hauek karta jokoaren izenarekin, nolabait esateko gazteengan oraindik gertatu ez den errore hori sahiestu nahi dutela aditzera eman.
Ainhoa Mugerza izan dute bidelagun proiektu honetan, eta berak lagundu die karta jokoa pedagogikoki lantzen. Pedagogian lizentziatua da, eta emozioen inguruan egin zuen ikasketa amaierako proiektua. Bera aritu da marketing lanetan eta ikastetxeekin harremanetan.

2021 0924 404 karta jokoa barren elgoibar 1

Karta jokoa konekta sisteman oinarritu dute: Bi teoria fusionatzen dituen sistema da Konekta. Batetik, Howard Gardner psikologoaren adimen askotarikoen teoria hartu dute, pertsonek adimen bat baino gehiago izateko ahalmena dugula defendatzen duena, eta, bestetik, Osasunerako Mundu Erakundeak atera zuen bizitzarako trebetasunen eredua. Garapen pertsonala, gizartearatzea eta arrisku psikosozialen prebentzioa sustatzea hellburu dituen hamar trebetasun zerrendatu zituen erakundeak.
Bi eredu horiek uztartu dituzte jokoa sortzeko. Howard Gardnerrek proposatzen dituen zortzi adimenetatik bost aukeratu dituzte (enpatia, autoezagutza, komunikazioa, egoera larrien kudeaketa eta sormena) eta OMEn zerrendatik lau baliabide aukeratu dituzte (musikala, espazio-bisuala, linguistiko-berbala eta korporala). Jokalari bakoitzak autoebaluazio fitxa bat izango du, jokoaren amaieran bere gaitasunak zein diren aztertzeko. Jokoarekin batera, etorkizunerako gida bat jasoko dute jokalariek, jakiteko beraien abilezia eta gaitasunen arabera zein lanbide egokitzen zaion hoberen etorkizunean.