Debabarrenako txokorik ederrenak partekatzeko ekimena jarri du abian Debegesak

Barren.eus 2021ko mai. 10a, 13:48

Eskualdeko txokorik ederrenak aurkitzeko kanpaina jarri du martxan Debegesako Turismo Sailak, eta horren barruan argazki lehiaketa antolatu dute Instagram sare sozialean.

Herritarrak eskualdeko txokorik gogokoenak partekatzera animatu ditu Debegesako Turismo Sailak. "Orain arte gu aritu gara zuri gure eskualdeko txokorik ederrenak ezagutzera ematen. Orain zure txanda da!", azaldu dute. Ekimenean parte hartu nahi dutenek Instagramen argitalpen bat (feed normalean; ez Instagram Story, TV edo Reels) egin beharko dute Debabarreneko txokorik kuttunenaren argazki batekin. "Zure begiratoki gogokoenetik egindako argazki bat izan daiteke, hainbeste gustatu zitzaizun ibilbide hartakoa, egon zinen ostatukoa, zure jatetxe gogokoenarena, hain gustuko duzun taberna horrena, edo gure eskualdeko zortzi herrietako txokoren batena... erakutsiguzu zuk nahi duzun leku hori eta esaiguzu zergatik den hain berezia zuretzat. Erabili #Debabarrena traola, jarraitu eta aipatu gure kontua (@debabarrenatur) eta kokapena jarri, edo behintzat kokapena azaldu argitalpenaren testuan. Guk zure argitalpena ikusi ahal izateko, kontua publikoki ikusgai izan beharko duzu", azaldu dute. Nahi adina argitalpen egin daitezkela gaineratu dute.

Parte hartzen duten lagunen artean Debabarreneko produktuekin osatutako bi sorta zozkatuko dituzte maiatzaren 31an. Zozketan parte hartzeko epea maiatzaren 8tik 30era izango da, bi datak barne.

Informazo osoagoa: debabarrenaturismo.com