Burdin sarea jarri dute ibai ertzeko barandetan, plastikoa ibaira eror ez dadin

Barren.eus 2021ko mai. 7a, 11:12

Giza Eskubideen Parkean dauden ibai ertzeko barandatan burdin sareak ipini ditu Elgoibarko Udalak, Deba ibaira plastikoak eta bestelako hondakinak eror ez daitezen. Herriko ikasleek eskatuta jarri ditu Udalak Deba ibaia hondakinetatik babesteko saretak. Leku gehiagotan jartzeko asmoa dutela aurreratu dute.

Neurriak Haurren Kontseiluak Eskolako Agenda 21en barruan egindako eskaera bati erantzuten dio. Iaz, biralak egin ziren ozeano baketsuan sortutako plastikozko uhartearen irudiak, eta, horren harira, kontzientziazio-kanpainak egin dira eta hainbat neurri hartu dira mundu osoan, plastikoaren erabilera murrizteko, baita Elgoibarren ere. Herri Eskolako 5. ikasturteko ikasleek (aurten seigarren mailan daude) kontzeptu hori erabili zuten 2020an hainbat gai jorratzeko, geografiatik matematiketaraino, erabiltzen diren plastiko motak eta sortzen dituzten arazoak aztertzeaz gain. Sigmako industrialdea garbitu zuten udal arduradunekin batu ondoren, eta, era berean, plastikoak eta hondakinak ibaira ez erortzeko elementuak jartzeko eskatu zuten.

 • Maalako parkean ere ipiniko dituzte saretak
Proposamen hori Gorka Alberdirekin aztertu zuten, Azkoitia eredu hartuta, eta mahai gainean geratu zen. Udalak proposamen hori gauzatzea erabaki du, eta sareta batzuk jarri ditu zaborra ibaira eror ez dadin. Sareta horiek Giza Eskubideen Parkean ipini dituzte asteon. Ulmar enpresa arduratu da sare horiek jartzeaz, eta lanok 3.314 euroko aurrekontua (BEZik gabe) izan dute. Maiatzaren amaieran Maalako parkean dauden barandetan jarriko dituzte burdin sareak. Lan horiek 5.808 euroko aurrekontua izango dute, BEZ kontuan hartu gabe. Gainera, Maalako parkean ipintzekoak diren sareek beste funtzio bat ere izango dutela zehaztu dute Udaletik, umeak barandan gora igotzea zailduko dutelako, segurtasuna handituz.

Eguzki erakunde ekologistak ere txalotu du ekimena. "Orain dela urtebete landu genuen gai hau ikasleekin, eta eurek egin zuten eskaera Udalean, hau ezartzeko, kolektibo gisa. Jarrai dezagun elkarlanean saretxo hauek areagotu daitezen", adierazi dute.

2021 05 06 burdin sareak elgoibar udala herrieskola ikasleak

2021 05 06 burdin sareak elgoibar udala herrieskola ikasleak 1

2021 05 06 burdin sareak elgoibar udala herrieskola det

2021 05 06 burdin sareak elgoibar udala herrieskola k

∞Lotura duten albisteak: