Mekako bi ikasle nabarmentzen ari dira Espainiako Rally Virtualen txapelketan

Barren.eus 2020ko abe. 16a, 13:18

Meka Lanbide Eskolan 2EM2-ko Elektromekanika ikasten ari diren Ion eta Gorka del Cid anaiak aurre-aurrean daude Espainiako Rally Virtualen Txapelketan.

Ion del Cidek Ryo Cuznako Rallyesprinta irabazi zuen joan den abenduaren 8an. R5 kategorian lehiatu zen eta zazpi segunduko aldea atera zion bigarren egin zuen Ivan Couto galiziarrari. Sergi Morera madrildarra sailkatu zen hirugarren postuan, irabazlearengandik hamar segundora. Peugeot 208 T16 bat aukeratu zuten lehen hiru sailkatuek lehia birtualerako. (ikus sailkapena). Open Simrally 2020 txapelketako proba izan zen Rio Cuznako proba. Bost probek osatzen dute txapelketa, eta hiru kategoriatan banatuta aritzen dira lehian jokalariak.

Ionen anaia Gorkak, berriz, zortzigarren postuan amaitu zuen La LLanako rallya. Ikastetxetik zorionak eman dizkiete biei. Ion eta Gorka Azpeitian bizi den Jorge del Cid (Gasteiz, 1974) auto gidariaren semeak dira. Hortaz, etxetik datorkie afizioa.

Mundu errealaren eta birtualaren arteko muga gero eta lausoagoa da, elkarrengandik gertuago daudela ematen baitu joku birtualen bilakaera ikusita. Espainiako Automobilismo Federazioa ere garai berriotara egokitu da eta Mendiko Txapelketa Virtuala antolatu dute. Parte hartzaileak benetako auto lasterketetako 3D ibilbideetan lehiatzen dira.

2020 12 16 rally birtuala meka elgoibar

2020 12 16 iondelcid rally virtualak rio cuzna virtual