Mallabiko hondakin-urak Elgoibarko Apraizko araztegira lotzeko lanak hasi ditu Uraren Euskal Agentziak

Barren.eus 2020ko aza. 5a, 12:07

Mallabiko hondakin-urak Elgoibarko Apraizko araztegira lotzea eskualdeko saneamendua hobetzeko proiektuaren mugarrietako bat dela nabarmendu du Uraren Euskal Agentziak (URA).

Ermuko eta Mallabiko hondakin-urak bildu eta Apraizko araztegira bideratuko dituzte, behar bezala tratatzeko. Horri esker, Ego ibaiko karga kutsatzailea nabarmen murriztuko dela azaldu du URAk, eta ibaiaren egoera ekologiko ona berreskuratzea sustatuko da. Lanak hasita daude eta zortzi hilabeteko epea dute bukatzeko. Lanotarako milioi bat euroko inbertsioa egin du URAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen erakundeak.

Azaldu dutenez, Mallabiko udalerriko erdiguneko saneamendua kolektore batzuen eta ordeztu egingo den 90eko hamarkadako hondakin-uren araztegi baten inguruan egituratzen da. Hori dela-eta, ponpaketa-estazio berri bat eraikiko dute – 15 l/s-ko bultzatze-ahalmenarekin, etorkizunean 30 l/s-ra handitu daitekeena –, egungo HUAren ondoan kokatuta, hondakin-urak bultzatzeko eta kota-aldea gainditzeko Urtiaga Hiribideraino, handik grabitatez igaroko baitira.
Bulkatzeko hodi bat ere eraikiko dute, guztira 116,05 metro linealeko luzera izango duena, bai eta kolektore-sare berri bat ere, 315 mm-ko diametroko hodiak dituena zanga mota desberdinetan kokatuta.

Hasi berri dituzten lan guztiak honako isurketen konexio hauek aurreikusiz diseinatu dituzte: Betearte zabortegiko lixibiatuak – Kolektorera isuri aurretik aurretratamendu bat beharko dutenak –, Areitio gainean egingo diren poligono berrietakoak eta Eibar Kirol Elkartearen etorkizuneko instalazioetakoak.

2020 11 05 Mallabia planoa apraiz