Animaliei buruzko argazki lehiaketa antolatu du Ludotekak

Barren.eus 2020ko ira. 23a, 10:07

Elgoibarko Ludotekak animaliak protagonista izango dituen argazki lehiaketa antolatu du HH5etik LH6ra arteko umeentzat. Elgoibarren ateratako argazkiak izan behar dira, eta animaliak agertu beharko dira.

 Interesatuek 656 740 793 telefonora bidali ditzakete argazkiak WhatsApp bidez edo bestela, ludotekaelgoibar@gmail.com helbidera ere bidali daitezke posta elektronikoz. Irailaren 28an amaituko da argazkiak bidaltzeko epea. Antolatzaileek bi sari banatuko dituzte: HH5 eta LH3ko umeen arteko irabazleak Basondo mehatxatutako basofauna babeslekura bisita egiteko lau sarrera eskuratuko ditu, eta LH4tik LH6rako umeetan irabazten duenak Txindokiko Itzala abentura parkerako lau sarrera.

 • Erakusketa eta botoa emateko aukera
Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Kultur Etxe aurrean dagoen lokal bateko erakusleihoan jarriko dituzte ikusgai irailaren 29tik urriaren 1era, eta ikusleek argazkirik gustukoena aukeratzeko aukera izango dute. Boto gehien jasotzen dituen argazkiaren jabeak Pitxintxun gastatzeko 30 euroko bonoa eskuratuko du.

Joan den ekainean ere antolatu zuen Ludotekak argazki lehiaketa bat. Udaberriko lorak izan zen gaia eta Ibon Basurto eta Ines Izaga izan ziren irabazleak.

∞Lotura duten albisteak