Haizeak botatako zuhaitzen ondorioz itxita egon da Idotorberako errepidea

Barren.eus 2020ko ira. 18a, 18:05

Haize eta euri ekaitzak gogor astindu du Elgoibar, gaur arratsaldean. Haizeak botatako zuhaitzek oztopoak eragin dituzte Idotorberako bidean, eta trafikoarentzat itxita egon da bi lekutan.

Motza baina bizia izan da Eibar aldetik sartu den ekaitza, 17:00ak inguruan, eta haize bolada indartsuek hara eta hona mugitu dute aurrean harrapatutako guztia. Idotorbe auzorako errepidean, haizeak bide gainera bota ditu hainbat zuhaitz, bi lekutan, Herri Gain jatetxea zena baino goraxeago dagoen zuzenbidean, eta Aubixa parean. Errepidera eroritako zuhaitzen eraginez, bidea autoentzako itxita egon da. Inguruko baserritarrek libratu dute bidea, jausitako zuhaitzak motoserrarekin moztuta. Aubixatik gertu erori den zuhaitzetako batek une horretan bidean zen auto bat harrapatu du ia. Zuhaitza gainera zetorkiola ikusita atzerantz ihes egiteko maniobra egin du gidariak, eta zuhaitza libratu badu ere, autoa zangan sartu eta ez aurrera ez atzera gelditu da kateatuta. Ekaitzaren ostean eguzkia irten da eta Idotorberako bidea zabalik dago.

2020 09 18 zuhaitza errepidean idotorbe haizetea elgoibar aubixa

2020 09 18 zuhaitza errepidean idotorbe haizetea elgoibar