Umeentzako argazki lehiaketa antolatu du Elgoibarko Ludotekak

Barren.eus 2020ko eka. 9a, 09:41

"Udaberriko loreak" izango da Elgoibarko Ludotekak antolatu duen argazki lehiaketako gaia. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko herriko umeek parte har dezakete.

Parte hartzeko interesa duten umeek udalerri barruan ateratako argazkia bidali beharko dute. Argazkiak bidaltzeko azken eguna ekainaren 19a izango da. Argazki bakarra aurkeztu ahal izango da.

Jasotako lanak herriko toki ezberdinetan zintzilikatuko dituzte antolatzaileek (Aita Agirre eta Kultur Etxean besteak beste), erakusketa libre bat eginez eta ikusleek botoa emateko aukera izango dute argazki politenak aukeratzeko (WhatsApp bitartez), ekainaren 22tik 26ra bitartean.

Argazkiaren originaltasuna, lorearen berezitasunak eta kolorea izango dira kontuan hartuko diren irizpideak irabazleak aukeratzeko orduan. Epaimahaia Ludotekako hezitzaileek osatuko dute eta herritarren botoak eta aditu batenak izango dituzte kontuan erabakia hartzerako unean.

 • Argazkiak aurkezteko baldintzak eta sariak
Argazkiak, formatu digitalean (JPG edo PNG formatuetan) aurkeztu beharko dira eta egilearen izen abizenak, telefono zenbakia eta argazkia aterako lekua adierazi beharko dira. Lanak ludotekaelgoibar@gmail.com emailera edo WhatsApp bidez bidali ahal izango dira 656 740 793 telefonora.

Sari nagusia bat bateko kamera bat izango da eta ikuslearen saria, haririk gabeko entzungailu bat. Saridunen izenak, egungo egoera kontutan hartuta, ekainaren 29an jakinaraziko dituzte, www.elgoibar.eus webgunean, (@elgoigazte) Facebook kontuaren bitartez eta Ludotekako bazkideen familiaren arteko WhatsApp-aren bitartez.

2020 06 09 ludotekako argazki lehiaketa kartela