Informaziorako eskubidea bermatzeko eskatu dute Kazetarien Euskal Elkarkoak eta Elkarteak

Barren.eus 2020ko mai. 18a, 14:06

'Hala Bedi' eta 'Argia'-ko bi kazetarik salatu dute ertzainek eta Gasteizko udaltzainek mehatxu egin dietela lanean ari zirela eta 'Hala Bedi'-ko kazetariari telefonoa ere kendu ziotela, Gasteizko Talka gune feminista husten ari ziren uneko irudiak grabatzea eragozteko.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkartearen babesa jaso dute bi komunikabideek.

Agirian gogoratu dute Konstituzioan baimendutako eskubidea dela informaziorako eskubidea eta instituzioei eskatu diete erraztasunak emateko akreditatutako langileek lana behar bezala egin dezaten, eta aldi berean, trabarik ez jartzeko exijitu diete, ezta alarma egoeran ere. Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak ohartarazi dute ikus-entzunezko materiala jaso dutela eta material horretan argi ikusten dela nola ertzainek trabak jarri dizkioten 'Hala Bedi' hedabideko kazetari bati (beherago bideoan) eta nola gauza bera egin dioten Gasteizko udaltzaingoek 'Argia'-ko kazetariari (beherago bideoan). "Kazetariek mehatxuak jaso dituzte: neurri legalak hartzea eta beraien lan-tresnak bahitzea. Elkargoak zein Elkarteak prentsa askatasunerako eta hedabide eta kazetarien informatzeko eskubidearen aurkako ekintza hauek gogor salatzen dituzte", jaso dute oharrean. Bi erakundeok gogorarazi dute Espainiako Gobernuaren arabera, alarma egoeran ere kazetariek askatasunez egin dezaketela lan eta mugarik gabe mugitu daitezkeela, lanak horrela eskatzen badie. Kazetaritzaren funtzio publikoa berma dezatela eskatu diete instituzioei, egiazko, kontrastatutako eta iturri oneko datuekin gizartea informatua izateko.