Miru gorriaren dotorezia Elgoibar gaineko zeruan hegan

Barren.eus 2020ko mai. 5a, 17:31

Herritar bat baino gehiagoren arreta bereganatu zuen atzokoan, Elgoibar herrigune gainean, hegan aritu zen hegazti harrapari honen hegan egiteko dotoreziak.

 Miru gorria (Milvus milvus) dela jakinarazi dio BARRENi herriko naturzale batek. Nahiko ohikoa ei da espezie honetako aleak ikustea, bai behintzat natura begiratzera ohituta daudenentzat. Atzokoan, baina, herriguneko etxeetako teilatuen gainetik ibili zen 140-180 cm arteko hego-zabalera har dezakeen hegazti harrapari hau, oso gertutik ikusteko moduan. Deba ibaian gora eta behera ibili zen, oso baxu hegan eginez batzuetan, eta berehala hartzen zuen altuera hego haizea eta aire poltsa beroak aprobetxatuz. Izan ere, haizearen indarra baliatuz hegan dotorezia handiz egiten duen hegaztia da, trebetasun handiz eta ia indarrik xahutu gabe orduak igaro ditzakeena airean.
Bere V itxurako buztanagatik erraz identifikatzen delako eta neguan zeruan ikus dezakegun harrapari bakanetariko bat delako hegazti oso ezaguna da. Euskal Herrian penintsulako populazio ugaltzaileetako bat dago, Nafarroan batez ere.

IUCN erakundeak, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak, mundu mailan “ia-mehatxatuta” sailkatzen du miru gorria, populazioak gainbehera azkarrean daudelako, hegoaldeko populazioak batez ere. Halere, iparraldeko populazioek hegoaldekoak indartzeko gai omen dira eta, horregatik, ez da kategoria larriagoren baten barnean sailkatzen. Nafarroan 270-300 bikote eta EAEn 35-45 bikote daudela estimatzen da (Viñuela, 2004). Informazio osoagoa: https://eu.wikipedia.org/wiki/Miru_gorri

2020 05 04 arranoa zapelaitza elgoibar zeruan

2020 05 04 arranoa zapelaitza elgoibar zeruan begira

2020 05 04 arranoa zapelaitza elgoibar zeruan 3