Debabarrenako Mankomunitateak 14 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du 2020rako

Barren.eus 2020ko urt. 15a, 11:41

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak 2020rako aurrekontuak onartu zituen urtarrilaren 7an. Gaikako bilketarako eta birziklatzerako partidak % 10 igo dituzte, eta Mankomunitateak, guztira, 5,8 milioi euro inbertituko ditu partida horietan, hau da, 80 euro herritar eta urte bakoitzeko. "Aurrekontuaren lehentasunak dira zerbitzua hobetzea, kopuruekin gardenak izatea, eta birziklatzearen alorrean Europak ezarritako helburuetarantz aurrera jarraitzea”, adierazi du mankomunitateko presidete Iosu Arraizek.

 Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak 13.946.863 euroko aurrekontua onartu zuen, aho batez, 2020rako. Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, ahalegin eta partida ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketara eta kudeaketara bideratu dute, 9.092.662 euro, aurrekontuaren % 65 baino gehiago. Atal horretan, nabarmentzekoa da hondakinen altako kudeaketagatik Mankomunitateak GHKri ordaindu beharreko 3.241.493 euroko zenbatekoa. Honako hauek dira birziklatze-alorreko beste partida garrantzitsu batzuk: mankomunitateak 1.200.000 euro inbertituko ditu ibilgailu eta makinak berritzeko, 234.353 euro papera eta kartoiaren gaikako bilketarako, eta 190.004 euro ontzien bilketarako.
Bilketaren ostean, kale-garbiketaren atala da bigarren garrantzitsuena, eta Mankomunitateak 4.4041.523 euro jarriko ditu atal horretarako. Atal horretan mantenduko dira ekitaldi honetan makinetan sartutako hobekuntzak, baita edukiontzien ondoan utzitako zabor-poltsak eta hondakinak biltzeko zerbitzua ere.

Iosu Arraiz elgoibartarra da Mankomunitateko presidentea, iaz Arcadio Benitezen lekua hartu zuenetik. Onartu eta indarrean dauden aurrekontuen gainean nabarmendu duenez, bereziki ahaleginduko dira “birziklatzea bultzatzen jarraitzeko, kale-garbiketa hobetzeko, eta Mankomunitatea gardentasunez eta hurbiltasunez kudeatzeko”. Informazioa herritarrengana hurbiltzeko ahalegin horretan, Arraizek adierazi du Mankomunitateak 80 euro inbertituko dituela herritar eta urte bakoitzeko bilketan eta birziklatzean, 2019an baino % 10 gehiago, “2020ko aurrekontuko helburu nagusietako bat aurrera egitea eta Europako helburuak lehenbailehen betetzea delako”.

 • 13,1 milioi euro diru-sarreretan
Diru-sarreren atalari dagokionez, baliabideen iturri nagusia udalek ordaintzen dituzten kuotek osatzen dute (Elgoibar, Mendaro, Eibar, Mallabia, Ermua, Soraluze, Deba eta Mutrikuko udalak dira Mankomunitateko kideak); kuota horiek hondakin-kudeaketako eta kale-garbiketako zerbitzuek eragiten duten kostua ordaintzeko dira. Kontzeptu horiek direla-eta, mankomunitateak 13.134.185,92 euro jasotzen ditu guztira, diru-sarrera horiek nagusiki Ecoembes enpresari fakturatutako eta paper-salmentari dagozkion diru-kopuruekin osatzen dira, hau da, 732.048 euro, baita Eibarko Udalak egindako 80.630 euroko ekarpenarekin ere, udalerri horretan kartelak kendu eta herriko fatxadak garbitzeagatik.

Informazio osoagoa: debabarrena.eus