Aitana Lukeren kartelak iragarriko du Ludotekako XI. Aste Nagusia

Barren.eus 2021ko mai. 10a, 15:01

Aitana Luke Garciak aurkeztutako lanak irabazi du Elgoibarko Ludotekak XI. Aste Nagusia iragartzeko antolatutako kartel lehiaketa. Hain justu, gaurtik barikura eman daiteke izena Aste Nagusirako antolatu dituzten ekintzetan.

Aitana Luke Garciaren kartela izango da Ludotekako XI. Aste Nagusiko irudi. Herri Eskolako LH5eko ikaslea da, eta 100 euroko bonua irabazi du Pitxintxu dendan gastatzeko.

Apirilaren 26tik maiatzaren 5 arte izan dute epea HH5 eta LH6 ikasmailetako haurrek beraien lanak aurkezteko. Guztira, 25 lan jaso ditu Udaleko Gazteria Sailak. Lanak burutzeko teknika librea izan da, eta mota askotariko lanak jaso dituzte: collageak, eskuz eginiko marrazkiak, ordenagailuz eginikoak...

XI. Aste Nagusia maiatzaren 17tik 21era ospatuko da. Honakoa da Ludotekak antolatu duen programazioa:

  • Maiatzak 17, 16:30ean, Zirku tailerra.
  • Maiatzak 18, 17:00etan, Top Txef lehiaketa.
  • Maiatzak 19, 17:00etan, Hankaz gora! ikuskizuna.
  • Maiatzak 20, 16:30ean, Zirku tailerra.
  • Maiatzak 21, 17:30ean, haurrei zuzendutako kontzertua.

Izena eman behar da maiatzaren 10etik 14ra Ludotekan bertan.