Mendira joateko bada alboko herrira autoz ezin dela joan zehaztu du Ertzaintzak

Barren.eus 2020ko aza. 3a, 19:52

Bizileku den herritik ezin denez irten, aisiaz gozatzeko mendira jo zuten hainbat lagunek joan den asteburuan. Baina, honako zalantza dute askok: Har al daiteke autoa norberaren bizileku den udalerriko mendi batera joateko? Eta mugakide den udalerriko mendi batera joateko?

 Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaile berriak indarrean jarri zituenetik astebete pasa den arren, herritarrek dituzten hainbat zalantza argitzeko irizpideak kaleratu dituzte Ertzaintzak eta Jaurlaritzak berak. Alabaina, ez dirudi herritarrek neurri eta arau guztiak argi dituztenik. Gauzak horrela, Jaurlaritzak eguneratu egin du Covid-19ko prebentzio-neurriei buruzko galdera ohikoenak biltzen dituen dokumentua -PDF-

Mendiaz gozatzeko zer dagoen onartua eta zer ez da erabat argitu gabeko zalantza horietako bat.
Euskal Mendizale Federazioak (EMF) gai honen inguruko argibide-eskaera egin zion Ertzaintzari, eta domekan jaso zuen erantzuna: "mendian kirola egin daiteke, beti ere, gure bizitoki den udalerrian edo inguruko udalerrietan kokatutako mendietatik burutzen bada, eta horiek gure ondoko udalerri batean badaude, oinez hurbildu beharko gara. Ez dago onartua ondoko udalerrietara kotxez joatea ondoren mendira igotzeko". EMFk jakinarazi duenez, arau honek izan dezakeen interpretazio okerra argitu nahi du Ertzaintzak eta araua zuzen betetzeko herritar guztiei eskatu diete laguntza. Era berean, joan den asteburuan atzeman dituzten "gehiegikeriak" jarraitzen badu, ez dute baztertzen zigorrak ezartzen hastea. "Pandemia geldiaraztea ez da arauak ezartzen dituzten agintarien ardura soilik, batzutan arau horiekin bat ez gatozen arren, COVID-19aren kontrola, herritar guztion ardura da", ohartarazi dute Euskal Mendizale Federazioko arduradunek. Laburbilduz:

 • Har al daiteke autoa norberaren bizileku den udalerriko mendi batera joateko?
Bai, norberaren udalerrian ibil daiteke autoz.
 • Joan al daiteke mugakide den udalerriko mendi batera?
Bai, baina hara joateko ezin da autorik hartu, alegia, norberaren bizileku den udalerritik oinez joan beharko da mugakide den udalerriko mendi horretara.
 • Zer hartzen da udalerri mugakidetzat?
Bizileku den udalerritik errepidez zuzenean sartzen den herria; tartean beste udalerri bat pasa behar bada, ez da mugakidea. Mendiz mugakidea izan arren, errepidez ez bada, ez da hartzen mugakidetzat.

 • Irten daiteke ibiltzera edo perretxikotan taldean? Eta korrika egitera edo bizikletan ibiltzera?
Jarduera fisikoa egin ahalko da aire zabalean, bakarka edo kolektiboan, gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan. Aire zabaleko kirol jardueraren eta jarduera fisikoaren artean bereizi behar da. Aire zabaleko jarduera fisikoak kalean edo ingurune naturalean paseatzea barne hartzen du.

Joan daiteke beste udalerri edo erkidego batzuetara ehizara edo arrantzara?
Ez. Bi jarduera horiek bizitoki den udalerrian edo mugakideetan baino ezingo dira egin.

Lotura duten albisteak: