Elgoibarren ere izango da udako aisia eskaintza, HH5etik LH6ra arteko neska-mutilentzat

Barren.eus 2020ko eka. 15a, 15:18

Elgoibarren ere izango da udako aisia eskaintzarik, uztailean.  HH5etik LH6ra arteko neska-mutilentzako eskaintza izango da eta 10:00etatik 13:00etara garatuko dira jarduerak. Zabalik dago izena emateko epea, eta interesatuek ekainaren 18ra arteko tartea  dute horretarako.

 COVID-19aren pandemia dela eta ez dela, jende pilaketak saihestea eta segurtasun distantzia mantentzea derrigorra da gaitza gehiago zabal ez dadin, eta horregatik, umeentzako udako eskaintza ez da ohikoa izango aurten. Hala ere, haurren aisialdirako eskubidea ahal den neurrian bermatzeko, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako (2008-2014) aisia eskaintza antolatu dute Elgoibarko Udalak -Ludoteka zerbitzuaren bidez- eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko Atxutxiamaika Sailak elkarlanean. Eusko Jaurlaritzak ekainaren 7an argitaratutako dekretuara egokitutako eskaintza izango da,  han jasotako neurri murriztaileetara.

Bi hamabostaldi izango dira aukeran: uztailaren 1etik 15era eta uztailaren 16tik 30era, eta izena emateko ondorengo link honetan sartu behar da. Bi txandetako bat aukeratu beharko dute interesatuek, egungo egoeran ahalik eta ume gehienei aukera ematea lehenetsi dutelako antolatzaileek. Txandak beteko balira, zozketa egingo lukete arduradunek izena eman duten haur guztien artean. Ordutegia, berriz, 10:00etatik 13:00ak artekoa izango da.

Nolanahi ere,  izen-emate orria betetzean beste txandarako interesik ba ote duten ere galdetuko diete gurasoei. Izan ere, izen-emate orri guztiak jasotakoan, txandaren batean oraindik ume gehiagorentzako lekua dagoela ikusiz gero, antolatzaileek zozketa egingo lukete txanda horretarako itxaron-zerrendan dauden guztien artean. Prezioa 64 eurokoa izango da (Ludotekako bazkideentzat eta Elgoibarko Izarrako bazkideentzat 58 eurokoa).

Izena ematen duten guztiei derrigorrezko higiene eta prebentzio neurriei buruzko dokumentua bidaliko diete, eta eskaintza berriaren inguruko argibide guztiak emango dizkiete. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lanketa berezia egingo dute  aurten itxialdiak umeei eragin dizkien kalte emozionalak arintzeko eta haurrak elkartu eta jasotzeko herriko lau gune zehaztuko dituzte, jende pilaketak saihesteko. Taldeak 8 umekoak izango dira, eta haur talde bakoitzak hezitzaile bera izango du egunero. Eskaintza, berriz, herrira mugatuko dute, eta horrenbestez, ekintza guztiak Elgoibarren egingo dira. 

∞Lotura duten albisteak: