Udako oporraldirako haurrentzako aisia eskaintza aurkeztu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2016ko eka. 23a, 15:53

Ekainaren 27an hasi eta uztailaren 22ra arte, lau programaren bidez, aisialdiaz gozatzeko eskainiko dituen egitasmoen berri eman du Elgoibarko Udalak. Era berean, jakinarazi du, aurten, umeek aisialdirako duten eskubidean oinarrituta haur guztien parte hartzea bermatzeko Udalak hainbat diru-laguntza emango dituela.

Astelehenean, ekainaren 27an hasi eta uztailaren 22ra bitartean aisialdi jarduerak egongo dira Elgoibarren adinaren araberako lau programa eta txanda ezberdinetan banatuta:

  • Apariketan (HH2-HH4)
  • Firin Faran (HH5-LH1)
  • Abixadan (LH2-LH3)
  • Aldenik Alden (LH4-LH6)

Aurten eskainitako 656 plazetan hiru eta hamabi urte bitarteko 384 umek (batzuek bi txandatan) hartuko dute parte. Elgoibarko adin tarte horretako haurren %32. Horietatik 189 mutilak izango dira eta 195 neskak. Begirale lanetan, berriz, Atxutxiamaikako eta Ludotekako zortzi hezitzaile eta udarako kontratatutako beste 30 arituko dira; premia bereziak dituzten sei haurrentzat errefortzuko bost begirale; eta begirale titulua ateratzen ari diren bost gaztek ere praktikak egingo dituzte.

Haurrentzako aisialdi eskaintza bakarra, estreinakoz

Udalak eta Elgoibarko Izarrak orain arte ez bezala, aurten, haurrentzako aisialdi eskaintza bakarra egin dute. Izan ere, Ludotekak eskaintza berezia egin izan du eta Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaikak berea Udalarekin lankidetzan. Oraingoan, ordea, modu bateratuan, elkarlanean, prestatu dute. Gainera, Elgoibarko Izarra Udal Ludotekako zerbitzuaren kudeatzaile izanik, lana errazagoa izan da.

Eskaintza hauen helburua da herriko ume guztien aisialdi aukera berdintasuna bermatzea, haurren beharrei erantzuna ematea eta haurtzarean gozatzeko eta garatzeko aukerak sortzea.

Diru laguntzak
Aurtengo berrikuntzetariko bat da Udalak sortu duen diru-laguntza lerro berri bat haurrek aisialdirako duten eskubidean oinarrituta. Haur eta Gazteen Sustapen Sailak eta Gizarte Ongizateko Sailak elkarlanean landu dute diru-laguntza hauek kudeatzeko plana. Horretatrako kontuan izan dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak eta Ludoteka zerbitzuan Udalak aplikatzen dituenak. Onurak honakoak izango dira:

  • Familia ugariak: %30eko deskontua.
  • Familia ugaria izan gabe, bigarren seme-alabak parte hartuz gero, honen kuotaren %30eko deskontua.
  • Gizarte izaerako laguntzen onuradunek %70eko deskontua.

Guztira 150 familia dira onuradunak, beraz, 13.431 euroko kostua izan da Udalarentzat. Baina orain zailtasun ekonomikoengatik parte hartu ez dutenek aukera izango dutenez umeen perfila anitzagoa izango da aurten.

•Behar berezidun haurrak
Bestalde, Gizarte Ongizate Sailak errefortzu hezitzaileen kontratazioa bultzatu du hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei laguntzeko. Honen harira Kirol udalekuetarako 1.949 euro bideratuko ditu eta 5.982 Haur eta Gazteen Sustapen Sailak eta Elgoibarko Izarrak antolatutako udalekuetarako. Gazteria Saileko, Ongizate Saileko eta Atxutxiamaikako ordezkariak elkartu dira zein behar zeuden ikusteko eta horren arabera egin dituzte egokitzapenak. Sei dira errefortzuko begiralea behar duten umeak, baina bi talde berean daudenez, bost arituko dira laguntzaile  lanetan. Gainera, Gizarte Ongizateko eskuhartzea duten eta arrisku egoeran egon litezkeen umeentzat gorde da programa eta txanda bakoitzean %5a.  Ongizate teknikariaren esanetan "teknikoki gure balorazioa oso ona da, lortu dugu sartzea orain arte aukerarik ez edo aukera murritzak zituzten ume asko, beraz, apustu ona izan da".