Gaur egun denda eta supermerkatuetan erosten dugu esnea, baina orain ez asko baserritarrek eurek banatzen zuten esnea etxez etxe. Pedro Arrillaga Garate 12 urterekin esnea saltzera joaten zen Eibarrera. Han txakur handi bat (pezetaren 10 zentimo) gehiago ordaintzen zuten azunbreko Elgoibarren baino. Bezero asko zituela dio Pedrok ahotsak.com egitasmoan jasota duten pasadizoan. (bideoak dauzka)
Auzolana lankidetzaren sinonimotzat erabiltzen da gaur egun, baina berebiziko garrantzia izan du euskal kulturan. Gure arbasoek emandako ondare honi esker bizirik iraun dugu herri moduan. Elgoibarren ere oso sustraituta egon da auzolana, alegia, auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema. Gai honen inguruko lekukotasun ugari daude jasota ahotsak.com-en. (bideoak dauzka)
1937ko apirilaren 26an –joan den domekan bete ziren 78 urte- Gernika-Lumoko hiribildua bonbardatu zuen Francoren aliatua zen Alemaniako Condor legioak. Ehundaka herritar hil eta zauritu ziren arratsaldeko laurak aldera hasi ziren erasoetan. Une latz haiek bizi izan zituztenen makina bat lekukotasun jasoak dituzte ahotsak.com egitasmoan. Horien artean daude, besteak beste, Felix Etxeberria eta Miren Vallejo elgoibartarren lekukotasunak. (bideoak dauzka)
Agustin Gurrutxagaren (Elgoibar, 1917) esanetan, duela 80 urte dozena bat kotxe zeuden Elgoibarren, asko jota. Idiekin eta zaldiekin garraiatzen zuten gerra aurretik jeneroa. Markinara dilijentziaz zihoazen garraiolariak Aiastiako Bentan geratzen ziren, zerbait jateko edo atseden hartzera. Garraiolari horiek tentu handiz ibili behar izaten zuten bidelapurrekin. Agustinek pistolarekin bidera irteten zirela entzuna du. Honela kontatzen du berak ahotsak.eus-ekoek jasotako grabazioan. (bideoa dauka)
Otsaila, hotz-hila da, eta halaxe izan da aurten ere: elurra, izotza, euria…denetarik izan dugu. Hala eta guztiz, adineko hainbat lagunen iritziz, lehen neguak gogorragoak ziren orain baino. Arana baserrian jaio zen Pedro Arrillagak (Elgoibar, 1918), esaterako, akorduan dauka 1956. urteko izozte gogorra. “Hetarea bat pasauko saila jota dana siketuta laga zaban”, dio ahotsak.com egitasmokoek jasotako bideoan. Bere esanetan, pinu asko lehortzeaz gain, txori asko hil ziren otsail hotz hartan. Hainbat txori klase aipatzen ditu. (bideoa dauka)
Toletxe, Usetxe, Artetxe, Etxezuri... izen ezagunak dira elgoibartarrontzat, herriko toki eta kaleak izendatzen dituztelako. Beharbada gazteenek jakingo ez duten arren, orain kalea den lekuan hainbat baserri zeuden lehen. Lehenago aipaturiko horiek, esaterako, horixe ziren, orain kalea den lekuan zeuden baserriak. Asko aldatu da Elgoibar garai batetik hona. “Guztiz aldatuta dago herria. Oso auto gutxi zegoen orduan Elgoibarren”, diote Muguruza ahizpek, Agurnek eta Natik, ahotsak.com atarian jasotako grabazioan. (bideoa dauka)