Bizimodua zeharo aldatu dela diote Agurne Muguruza (Elgoibar, 1935) eta Nati Muguruza (Elgoibar, 1938) ahizpek. “Derrepente ez bazenduan ekartzen, ematen zaban ez zendula balio. Ez da oin bezela, programauta dauala dana”, dio Edurnek amatasunaren harira ahotsak.eus atarian ikus daitekeen bideoan.
Idi probetan jende ugari ibiltzen zen sasoi batean Elgoibarren, besteak beste, baserri guztietan zeudelako idiak. Santa Klaran egon zen Soarteko probalekuan edo auzoetakoan jokatzen zituzten idi-probak. Horietan egin zituzten desafioak eta pizten zuten ikusminari buruzko testigantza ugari dituzte jasota ahotsak.eus webgunean. (bideoak dauzka)
Elgoibar makina erremintaren hiriburu egin zuten hainbat eta hainbat lagunen antza dute Luis Mari Iriondoren bizipenek. Eskolan ondo zebilen arren, aitak 13 urterekin lanera bidali zuen. Pintxe izatetik, baina,"aprendiz" izatera igaro zen hurrengo urtean. Urte batzuk beranduago, berriz, Acmen gerente izatera ailegatu zen. Ahotsak.com-en jasota daude Luis Mari Iriondoren bizipenak, berak kontatuak. (bideoa dauka)
Don Don Kikilikon, Dona Dona Katona, Arriola Marriola, Kukurruku, Katarramixon… kantu-jolas ezagunak dira adinean aurrera doazenenentzat, eta, aldiz, ezezagunagoak gazteen artean. Elgoibarko Ahotsak proiektuari esker, baina, Elgoibar Ikastolako eta Elgoibarko Herri Eskolako ikasleenganaino ailegatu dira euren guraso eta aiton-amonek jolaserako erabili ohi zituzten kantu-jolasok. Ikasi eta abestu dituzte eta baita sarean jarri ere kantu-jolasekin egin dituzten grabazioak. (bideoak dauzka)
Laia nekazaritzan mekanizazioa baino lehen lurra iraultzeko erabiltzen zen tresna da. Lan nekeza zen eta esku asko behar izaten ziren lurra biratu eta hurrengo uztarako prest lagatzeko. Josefa Gabilondo Agirregomezkorta (Elgoibar, 1920) makina bat bider ibili zen laiaketan neska koxkorra zen sasoian. (bideoa dauka)
Erromeriak euskaldunen ohiko festa modua ziren lehen eta gazte zein helduak elkartzeko guneak ziren. Elgoibarko leku eta auzo askotan egiten zituzten lehen erromeriak: Kurutzetan, Aiastian, Idotorben, Kamiñerokua frontoian, Maltzagan, Usatotorre baserrian... Erromeria horien eta sasoi bateko Elgoibarko jai-giroaren inguruko makina bat pasarte dituzte jasoak ahotsak.com atarian.