barren.eus

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2015 10 24 iban fdz Karakate erronka oroigarriaOihartzun handia izan du herrian Iban Fernandezek (Elgoibar, 1977) joan den zapatuan betetzea lortu zuen erronkak: 12 ordu eta 10 minutuan bederatzi buelta egin zituen Azkue-San Roke eta Karakate artean. Bere buruari jarritako erronkari buruzko nondik-norakoak azaldu dizkio barren.eus-i eskainitako elkarrizketan. (igoera guztietako argazkiak dauzka)

-Nola sortu zitzaizun Azkue-San Roke eta Karakate artean bederatzi buelta egiteko ideia?

Ez da apustu edo dema baten ondorioz izan, nire buruari jarritako erronka baizik. Duela hiru urte hasi nintzen mendian ibiltzen eta 73 urteko gizon batekin, Enrike izenekoa, egin nuen topo Karakaten. Egun berean Karakatera egiten zuen hirugarren joan-etorria zuela esan zidan, eta nekeak jota zegoela. Pasadizo hura buruan iltzatuta geratu zitzaidan, eta handik bi astera neuk ere hiru buelta egin nituen Karakatera. Igoera eta jaitsiera askoko ibilbideetan nahiko ondo moldatzen naiz, giharrak azkar errekuperatzen zaizkit-eta. Hala, hiru buelta egitetik sei egitera pasa nintzen g2handiak Goierri trail proba (88 kilometroko mendi lasterketa) prestatzen ari nintzela. Kasualitatez, tabernan lagun giroan nenbilela gaia atera zen, Karakate egun berean zenbat bider igo ote zitekeen, alegia. Nik sei buelta eginak nituela esan nien, eta egingo nituela berriz ere, ikusi nahi bazuten. Halaxe egin nituen sei buelta iaz. Aurten zazpi buelta egiteko erronka jarri nion nire buruari. EhunMilak ultratrailean parte hartu ostean, baina, indartsu nengoela-eta, bederatzi buelta egitea erabaki nuen.


-Bederatzi baino zenbaki borobilagoa da hamar.

Bai, horixe bera esan dit batek baino gehiagok. Erronka egun argitan egin nahi nuela da arrazoia, eta kalkulatu nuen argi orduetan bederatzi buelta eman nitzakeela. Horrexegatik aukeratu nuen ordu aldaketa egin aurreko eguna. Gauez korrika egitera ohituta nago ni, baina laguntzera edo ikustera etorri behar zuen jendearengan pentsatuta egin nahi nuen erronka egunez, batez ere jaitsierak arriskutsuak baitira ilunetan egiteko.

 

-Dena oso ondo kalkulatuta zeneukan, ezta?

Bai. Kalkulatuta neukan guztia eta banekien jaitsieretan zegoela gakoa. Jaitsierak 25 minutuz azpitik egin nahi nituen eta denbora horren azpitik ibili nintzen ia guztietan. Oso ondo moldatzen naiz jaisten, ez zaizkidalako zangoetako giharrak kargatzen. Banekien abantaila hori nire alde nuela. Igoerak, berriz, 50 minuturen bueltan egin nituen. Oinez guztiak. Zortzigarren igoerari beldur pixka bat nion arren, besteak baino azkarrago egin nuen, 47 minutuan. Funtsezkoa izan zen baita ere, lehen hiru edo lau itzulietan aurreikusitako denbora baino 20 bat minutu aurrerago ibiltzea. Konfidantza eman zidan eta lasaiago ibili nintzen.


-12 ordu eta erdian egin nahi zenuen eta 20 minutu sobratu zitzaizkizun.

Bai. Primeran irten zen dena. Ezin hobeto. Pentsa, aurreikusitako denborekiko aurrerapena generamanez, arratsaldeko bostak inguruan hamargarren joan-etorri bat egiteko aukera nuela ohartarazi zidan Joseba Elustondok. Xaxatu egin ninduen, erritmoa pixka bat bizkortuta hamabi orduan egingo nituela hamar bueltak. Egia esan, neuk ere ikusten nuen aukera hori, burua eta giharrak jarraitzeko moduan neuzkan-eta. Afaritarako ordua jarrita geneukala erantzun nion, ordea, eta gainera jendea zain geneukan amaierarako jarritako orduan.

 

-Erronka pertsonala izan arren, lagun mordoa batu dituzu zure ahaleginera.

Bai. Horrekin geratzen naiz. Ikaragarria izan da jaso dudan babesa eta erronka pertsonal baten inguruan sortu den lagun giroa. Sinistea ere kosta egiten zait nire beroaldi bat, horixe baitzen erronka, zertan eraldatu den. Ehunmilak proban parte hartu eta gero, bi hilabeteko atsedena hartu nuen, eta uda ostean uste baino azkarrago berreskuratu dut sasoi puntua. Hartara, irailaren hasieran jarri nuen erronkarako eguna eta prestatzen hasi nintzen. Segituan batu zitzaizkidan lagunak. Bat, bi, hiru... eta konturatzerako 30 laguneko taldea nuen nire bueltan. Krokis moduko bat egin behar izan nuen, bakoitzari zegokion buelta zehazteko. Lau joan etorri egin zituzten batzuek nire alboan. Zorionez dena oso ondo irten zen, suitzar erloju bat baino sinkronizatuago, akatsik gabe.


-Zer sentitu zenuen lortu zenuela jabetu zinenean?

Izugarrizko poza, baina nigatik baino gehiago laguntzen eta animatzen izan nituen horiengatik. Igoeretan zein jaitsieretan alboan izan nituenak, familiakoak, nirekin ikasitakoak, mendiko lagunak, Karakatera ume eta guzti hurbildu ziren ikusleak... denak batu ziren erronkara eta ilusio handiarekin sumatzen nituen, ni bezainbat edo gehiago. Azken itzulian Cristiano Ronaldo bera ematen nuen, barren! Horrek egiten du handi istorio hau. Eta gainera, sekula mendira joan gabeko jendea estreinakoz Karakatera igotzea lortu dut, entrenamenduetan lagundu didate-eta azken asteetan.

 

-Zuk zeuk ere orain hiru urte hasi zinela mendian aitortu diguzu. Ordutik hona denbora asko pasa ez den arren, egin dituzunak ikusita, barnean zeraman piztia askatzea modukoa izan da...
Bai. Kirola beti egin izan dudan arren, 2012ko ekainean hasi nintzen mendira joaten. Futbolean jokatu nuen 20 urtera arte, eta hura laga ostean, palan hasi nintzen, harik eta palan jokatzen sorbaldan min hartu nuen arte. Medikuak palan jokatzeaz ahazteko esan zidan. Halaxe, zerbait egin behar eta Karakatera igo nintzen. Gustatu zitzaidan arren, berehala konturatu nintzen mendian oinez ibiltzea baino korrika egitea nahiago nuela. Parte hartu nuen zenbait mendi martxatan, baina ez ninduen erabat asebetetzen. Bestelakoak izan ziren lehen mendi lasterketan parte hartu osteko sentsazioak. Hura bai gozamena. Iaz pauso bat aurrera eman nuen Ehunmilak proban parte hartuta, eta 2016an oraindik hobeto ibiltzeko esperantzak dauzkat. Hiru Handiak eta Ehunmilak izango dira nire erronka nagusiak. Orain daukadan sasoia datorren urteko udara arte mantendu ahal izango banu! 20 urte nituenean baino hobeto ikusten dut nire burua. Gainera, kontrakoa uste banuen ere, gazteenetarikoa naizela konturatu naiz mendi lasterketa luzeenetan dabiltzanen artean. Gauzak ondo bidean, laupabost urte dauzkat oraindik nire ahalmen gorenera iristeko.

 

-12 orduan 72 kilometro egin zenituen eta 5.900 metro igo guztira. Jan-edana garrantzitsua izango zen.

Ezer gutxi jan nuen, janariak kalte egingo zidan beldurra nuen-eta. Jon Basurtok hamar lagunentzako adinako pasta kazuelkada prestatu zidan, baina ez nuen larregi jan. Igoera bakoitzean, hori bai, platano bat, janari energetikoak, edo ogitarteko txikiak jan nituen.

 

-Karakatera berriz igotzeko gogorik geratu zaizu?

Zapatu honetan bertan igoko naiz. Birritan parte hartu dut Karakateko igoeran, baina aurten soken bidetik probatu nahi dut estreinakoz.

 

-Erronka gainditu eta gero ospakizunetarako gogoa ere geratu zitzaizun.

Bai. Lagunekin Ibai-Ondo jatetxean afaldu ostean juerga ederra bota genuen. Afaltzera joan aurretik izan nuen beheraldi bat etxean dutxatzen ari nintzela, baina zerbait janda itzuli nintzen nire onera, goseak eragindako makalaldia izan baitzen. Beheko tabernara jaitsi, pintxo bat eta kaña bat hartu eta kitto!


-Amaitzeko, zerbait gaineratu nahi duzu?
Bai. Lagundu nauten guztiak eskertu nahi ditut. Erronka egunean lagundu nindutenak, aurreko egunetan lagun izan nituenak, guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, baita edariak eman zizkidan Agustin Alonsori ere. Nire hasierako asmoa ez izan arren, oihartzun handia izan du nire erronkak. Egongo da agian nik ezarri dudan marka hobetuko duenik, baina zaila izango da nik izan dudan babesarekin egitea.

 

ARGAZKIAK: Karakatera igo zen aldi bakoitzean, igoeretan alboan izan zituen lagunekin batera atera zituen bederatzi argazkiak ikus ditzakezue jarraian, eta erronkaren ostean egiin zuten afarikoa da azkenekoa.

2015 10 28 iban fdz erronka lehenigoera

2015 10 28 iban fdz erronka h5

2015 10 28 iban fdz erronka h3

2015 10 28 iban fdz erronka h

2015 10 28 iban fdz erronka

2015 10 28 iban fdz erronka H1

2015 10 28 iban fdz erronka 7

2015 10 28 iban fdz erronka8

2015 10 28 iban fdz erronka bederatzigarrena

2015 10 28 iban fdz erronka afaria

Komunitatea

euskal-inauterien-festa-ikastolako-haur-eta-gazteen-eskutik
Elgoibar Ikastola
Ikastolako ikasleek ostiral arratsaldez ospatu dugu urteroko Euskal Inauterien festa. HH, LH eta DBHko haur eta gazteek herria hartu dute txoko guztiak apaindu eta animatu dituen kalejira koloretsuan.    
energia-tailerrak-ikastolan
Elgoibar Ikastola
Agenda 30en aurtengo gaia ENERGIA, BIZITZAREN MOTORRA izanik, ikastolan energiari buruzko tailerrak ditugu egunotan EKO OIZen eskutik.
dbh-4-mailako-gure-ikasleak-laboratoriumen
Elgoibar Ikastola
Gure ikasleak Laboratoriumean izan ziren pasa den astean. Erreportajea prestatu dugu arlo batek bere jardunaren osagarri gisa kanpo eragile bat nola erabiltzen duen ikusteko.
patagonia
Ainhoa Lendinez
🏔️Ni ez naiz Patagonian izan, oraindik. Baina ederra behar du, zinez. Gure zaletasunaren alderik gogorrena ikusten ari gara atzotik.
elgoibar-ikastola-martinika-uharteetan
Elgoibar Ikastola
Elgoibar Ikastolako ordezkaritza bat Martinika uharteetan izan da Erasmus + programaren baitan hiru herrialde desberdinetako beste hainbeste ikastetxerekin jazarpenari buruzko lanketa bateratua eta kulturanitza garatzen.
zinebik-haurrentzako-emanaldiak-antolatu-ditu
Butaka Gorria
Zinebiren (Bilboko Dokumentalen eta film laburren jaialdiaren) 64. edizioak haurrentzat tarte berezia prestatu du: Zinebitxiki.  
el-perdon-film-iraniarra-ongarriren-hurrengo-proposamena
Butaka Gorria
Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Ongarri zineklubak aste honetan.
eguzki-plakak-ikastolako-teilatuan
Elgoibar Ikastola
Garapen Jasangarriaren Helburuetan, zazpigarren puntuak energia irisgarria eta ez kutsagarriak aipatzen ditu.
izarok-limoiari-eztia-dokumentala-estreinatu-berri-du-zinebin
Butaka Gorria
Izarok “Limoiari eztia” dokumentala estreinatu zuen atzo Zinebin, Bilboko Dokumental eta film laburren nazioarteko jaialdian. 
elgoibar-ikastola-erasmus-proiektuan
Elgoibar Ikastola
Elgoibar Ikastolak Erasmus+ izeneko Europa mailako proiektuan hartuko du parte.
laburmetraia-eta-luzemetraia-emanaldi-berean
Butaka Gorria
Semincik, Valladolideko Nazioarteko Zinema Asteak, beste zinema-jaialdi batzuekin alderatuz badu berezitasun bat: emanaldi berean, lehenengo laburmetraia bat ikusten duzu eta ondoren, luzemetraia.
abian-da-seminciren-67-edizioa
Butaka Gorria
Paco Leon eta Leonor Watling protagonistatzat dituen “No mires a los ojos” filmak inauguratu du Seminci, Valladolideko Nazioarteko zinema astearen aurtengo edizioa.
red-rocket-filmak-itxiko-du-inaki-agirre-zinemaldia-zikloa
Butaka Gorria
Iaz Donostiako zinemaldiko Perlak atalean izan zen ikusgai filma. 
kepa-junkera-berpiztu
Butaka Gorria
Donostiako zinemaldian gaur aurkeztuko dute Kepa Junkera trikitilariari buruzko dokumentala.  
les-olympiades-paris-distrito-13-ongarriren-hurrengo-proposamena
Butaka Gorria
Parisko Les Olympiades auzora garamatza zuri beltzean errodaturiko filmak.

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza

Barren.eus Facebooken