'Egunerokoan euskara sentitu egin behar dugu, gozatu. Hori egiten badugu, besteak batuko zaizkigu'

elgoibarren.net 2014ko aza. 21a, 13:38
 
Nola eragin haur eta nerabeek euskaraz egin dezaten’ izenburuko jardunaldietan parte hartuko du Jose Mari Agirretxe Porrotxek gaur zortzi, IMHn. Elgoibarko Izarrak eta Udalak elkarlanean antolatu dute jardunaldi hori, eta Euskal kulturatik bizipoza saretzera izenburuko saioan, Lasarte-Oriako esperientziaren berri emango du Porrotxek. www.elgoibarren.net-ek streaming bidez emango du jardunaldi osoa.

 

 

‘Bizipoza’ aipatu duzu. Euskara sustatzea jarrera kontua ere badela diozu. Euskararen mundu honetan, irudipena daukat, baina, sarri gure saioak kexaka hasteko tentazioa izaten dugula, arrastaka gabiltzanaren sentsazioa hedatzeak on egingo baligu moduan edo.

Baliteke, baina beste batek izan behar du gure jarrera. Poza transmititu behar dugu, ilusioa. Bizipoza saretu behar dugu.

Zeure herriko esperientziren berri ematera zatoz. Ze bidetatik egin du zuen herriko euskalgintzak egin duen aurrebidea?

Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun taldea sortu genuen orain 30 urte pasatxo euskararen inguruko kezka geneukan lagun batzuek. Oso aktibistak ginen garai hartan, baina poliki-poliki, ezberdintasun ideologikoak eta besteak utzi, eta euskaldun guztiok elkartzeko beharra ikusi genuen. Hala, Ttakun sortu genuen, euskarak batzen gintuenen proiektua. Eta lehenengo urtean euskararen maratoia antolatu genuen. Garai hartan, Lasarte-Orian, beharra geneukan gure buruari frogatzeko gai ginela 40 orduz, etenik gabe, oholtza gainera igo, mikrofonoa eskuan hartu, eta euskaraz aritzeko. Zortzikote bat osatu, plangintza bat egin eta milatik gora lasartear igo genituen oholtzara lehen aldi hartan. Orgasmo kolektiboa izan zen hura. Euskaraz eta alaitasunez aritu ginen adin ezberdinetakoak, denak elkarrekin. ‘Bihartik aurrera Lasarte-Orian denok euskaraz’ oihu egin genuen bukaeran, baina iritsi zen biharamuna eta herriak jarraitzen zuen bere martxan eta euskaldunok oso zaila geneukan egunerokoan euskaraz egitea. Horregatik ekin genion euskarazko esparruak sortzeari. 

Eta gaur eredugarri ere bada zuen jarduna

Joan dira urteak hasierako urte haietatik, baina, bai, nabarmen egin dugu aurrera. Orain, 150 bat lagun dauzkagu Mintzalagun egitasmoan; duela hamabi urte antzerki eta dantza garaikidearen eta euskal dantzen eskola ere sortu genuen, eta lau talderekin hasi baginen ere, gaur 60 bat talde gara astero antzerkia euskaraz egiteko batzen garenak. Batukada taldea ere badaukagu, Dinbi-danba, eta bertso-eskola da egitasmo hauen artean zaharrenetarikoa. Xumela abesbatza ere sortu genuen duela zortzi bat urte, ondo pasatzeko, eta asteartero batzen gara ordubetez abesteko. Umetan abesbatzetatik botatakoak, tabakoarekin eztarriko arazoak izan dituztenak, lotsagatik dutxan kantatzera ere ausartzen ez direnak...  daude taldean, eta ondo pasatzeko elkartzen gara, lagunak egiteko, baina ikasten ere ari gara. Bizitzako fase interesantean gaudenak gara denok. Jakingo duzu, baina bizitzan, badago fase polit bat, fase bollito esaten dioguna, eta badago gero fase interesantea. Bada, gu, fase interesantekoak eta oso interesentatekoak gara. Literatur Txokoa ere badaukagu, eta Uxue Alberdi etortzen da hilabetero, hogei bat lagunekin batera liburu bat aztertzera. 

1706636324754 'Egunerokoan euskara sentitu egin behar dugu, gozatu. Hori egiten badugu, besteak batu

1706636324827 'Egunerokoan euskara sentitu egin behar dugu, gozatu. Hori egiten badugu, besteak batu

Kulturan jarri duzue indarra, eta bizipozerako salto hori ere kulturatik egitea proposatzen duzu. Zergatik?

Bai, kulturako esparru guztietan sartu gara, eta sartu gara kulturan –eta ez epailetza edo ekonomia alorretan- hori bizi dugulako, eta horrenbestez, hori delako gure esku daukaguna. Lan hori geure gain hartzera behartuta ere sentitu gara. Eskualdeko txurriak ginen gu, Lasarte-Oriakook, baina guk esaten dugu Gipuzkoako Sartaguda dela gure herria. Guk espazioa dugu hegan egiteko eta egiten dugun orok du saria. Horregatik, azken hogei urtean bikoiztu egin dugu euskararen erabileraren kopurua. %10etik %20ra egin dugu, eta batez ere, haur eta gazteen artean egin du gora kopuru horrek. 

Euskaldunok garenok euskaraz aritu behar dugu edozein lekutara joanda ere, baina hori bakarka egitea oso nekeza da. Aldiz, herrian sare indartsu bat osatzen badugu, esparru ezberdinetakoa, errazago egingo dugu. Gaur, jarraitzen dugu oraindik maratoia egiten Lasarte-Orian, baina orain, euskal jaia ere egiten dugu urtero, euskaraz bizi garen elkarte ezberdin guztien jaia. Kontziente gara inurriak garela, baina elkartuta sekulako indarra daukagula, eta urtean sarri elkartzen gara elkarrekin gauzak egiteko, elkarrekin sortzeko eta elkarrekin gozatzeko. Eta hori kalean ere nabari da: topo egiten duzu antzerki taldeko batekin eta hark komentatzen dizu abesbatzakoak zinemara doazela eta ea joango zaren zu ere. Harreman berriak sortzen dira, planak, eta horrek guztiak egiten du norbere herriaz harro sentitzea, ikusten duzulako aurrera doala. Gaur egun, kultur erreferente indartsuena euskaraz egindakoa da Lasarte-Orian, eta horrek inbidia sanoa ere sortzen du. 

Geu ere jarrita gaude Lasarte-Oriara begira. Inbidiaz begiratzen dizuegu, zinez delako adierazgarria urte gutxiren buruan egin duzuen bidea, errealitatea oso bestelakoa zelako ia atzora arte hor. Zu zeu ere erdaldundu zinen garai batean, esaterako.

Bai. Nire aita errezildarra zen, eta Michelin enpresara etorri zen lanera. Michelin zabaldu zutenean, 4.000 langile eskatu zituzten lanerako eta familia horietako asko kanpotik etorri ziren, batez ere Espainiatik, baina barne-immigrazioa ere egon zen. Gure aita Michelinen hasi zenean ez zen euskararik entzuten enpresan. Frantsesa euskara baino gehiago entzuten zen han, enpresa frantziarra zelako. Hala, euskaldun asko eskola nazionaletan eskolatu gintuzten eta koadrila erdaldunak izan genituen, eta gainera, gureak bezalako guraso euskaldun askorentzat oso garrantzitsua izan zen euren seme-alabek gaztelera ikastea, eurentzako ezinbestekoa izan zelako, eta aldiz, euskarak ia ezertarako balio izan ez zielako. Hala bizi izan zuten trajedia hori. Nik neronek ere gaztelerazko munduan bizi izan nituen haurtzaroa eta gaztaroa, baina zorionez, askok 40 urterekin bizi izaten duten krisi hori nik oso gazterik izan nuen, 16 bat urterekin, eta hasi nintzaion neure buruari galdezka zer nintzen eta zer izan nahi nuen, eta non bizi nintzen eta zein nuen neure herri. Halaxe, euskaldun izan nahi nuela erabaki nuen, eta AEKn egin nituen bost urte euskara ikasten. Ez nuen euskara erabat galdu, baina askoz erosoago aritzen nintzen gaztelaniaz, eta nik bestera nahi nuen. Eta ikasitakoarekin Magisteritza euskaraz egin nuen, eta hasi nintzen euskaraz eta euskaratik bizitzen, euskaraz amesten, euskaraz gozatzen, eta jakina, gustura egiten nuen hori besteentzat ere nahi nuen. Nik uste dut hortik datorrela euskararekiko gaur daukadan atxikimendua. 

Pailazogintzan ere herrigintzatik abiatu zinen, oso oker ez banago garai hartan A ereduan irakasten zuen Takolorekin.

Bai. Pailazogintzan Olentzeroren jaialdia antolatzeko hasi nintzen eta euskara eta euskal kultura normalizatzeko saio hura izan zen gure lehenengo agerraldia. Takolo izan nuen lagun orduan, bai, garai hartan A ereduko maisua zena, erdal eredua besterik ez zegoelako orduan. Eta bizimodu bilakatu zitzaigun gero hura. Gaur egun, euskara gozamena da niretzat, bai nire bizitza pribatuan eta bai nire lanbidean. Euskara da dena, eta euskaratik hurbildu gara gu pisu handiko gai sozialetara –ekologia, familia mota ezberdinak, gaixotasunak...– eta horrek plus bat eman digu. Hori, besteak beste, guk egin dugun hori, eramaten duzu herrigintzara eta herrira, eta gehitzen diozu Lasarteko Udaletik eta batez ere Euskara Zerbitzutik egiten ari diren lana eta ikastetxeetan eman den iraultza –1988. urtean hasi ziren B ereduko lehenengo taldeak eta gaur D eredua eskaintzen dute herriko bi ikastetxeek– eta horren emaitza da gaurko Lasarte-Oria.

Zalantzarik ez dago kulturgintza estrategikoa dela euskararen normalizaziorako. Uste duzu herrigintzatik sortutako taldeek eta administrazioek eskutik dihardutela?

Guztiz estrategikoa da, baina gaur egun instituzioen aldetik bizi duguna ez da horrekin uztartzen. Ez dago plangintzarik, ez dakigu nora iritsi nahi dugun, ez dakigu zer bitarteko jarri... gaur dagoena dago, herrigintzak egiten duelako, beti egin duelako zorionez, eta hein handi batean, horrek mantendu gaituelako bizirik, baina administrazioak behar luke plan bat egin, herrigintza eta administrazioa plangintza baten bueltan batu direnean ikusi delako emaitza izugarri ona izan dela; askotan, herri bateko errealitatea iraultzerainokoa. Bertsolaritzari, antzerkigintzari, dantzari, literaturari… esparru guzti horiei eman diezaiegun behar duten lekua, eman diezaiegun behar dituzten bitartekoak. Gaur egun, antzerkiaren abangoardiak euskaraz egiten du Euskal Herrian, baina hori hala da, herrigintzan diharduten zoro batzuen lanak hala izatea ahalbidetu duelako. 

Eskolak iraultza ekarri duela diozu. Eta ekarri du, hein batean, baina egia da garai batean, pentsatu genuela –oker, ziurrenez- D ereduarekin eskolak euskaldunduko zituela haurrak eta gaur ikusten dugu emaitza ez dela guk nahi bestekoa izan. Behin edo behin, esan izan duzu Bai euskarari eskolak barik Euskaraz bizi eskolak behar ditugula. 

Esne hutsa, kafesnea, ebakia eta kafe hutsa dauzkagu bizitzan, eta euskarari dagokionean ere, hori ikusten dut nik gaur ikastetetxeetan, ez baita berdina euskararen alde egotea edo euskaraz bizitzea. Gai arantzatsua da, konplikatua, baina beharbada behar ditugu bi eredu sortu. Gaur egun, daukagun errealitatearekin –perfila, euskararen ezagutza, gurasoen izaera- zaila dago ikastetxe guztietan euskaraz bizitzea, eta hezkuntza mundutik kanpora ere gertatzen zaigu kultur talde askotan, daukagun errealitatearekin zaila dela euskara hutsez funtzionatzea. Lasarte-Orian badugu abesbatza bat, Alboka, oso ona dena eta euskaraz kantatzen duena, baina mistoa denez, gaur, gazteleraz egiten dute han bizimodua. Hori horrela da, eta hori bera gertatzen zaigu mendi taldeetan eta kirol taldeetan ere, baina ikusi badugu kultur munduan ezinbestekoa zaigula euskaren esparruak sortzea, euskara bizi eta euskaraz gozatzeko esparruak sortzea, zergatik ikusten dugu hain aldrebesa hori hezkuntza mundura eramatea? Ez dute eskola guztiek zertan berdinak izan; ez daukagu denetan kafesnea eskaini beharrik. Izan daitezke batzuk kafe hutsarekin lan egingo dutenak, eta izan daitezke beste batzuk, jakina, euskararen alde lan egingo dutenak, baina beste maila batean. Gai polemikoa da hau, baina euskarak behar ditu bere arnasguneak eta ez bakarrik kantatzeko eta dantza egiteko. Hori ere garrantzitsua da, baina beste arlo batzuetan ere behar ditugu esparru horiek, eta nik uste hausnartu beharko genukeela horren inguruan. 

Eremu soziolinguistikoaz gain, ikastetxearen aldagaiek ere eragiten dute. Konforme, baina bistan da eskola eta eremu soziolinguistikoak edozein direla ere, emaitza hobeak lortzen ditugula beti ume txikiekin. Gero sortzen zaizkigu zailtasunak.  Nola eragin genezake zaharragoengan?

Euskalduntzeak ezin du soilik eskolaren betebeharra izan. Hiruki bat daukagu horretarako: familia, eskola eta herria, eta horren barruan administrazioa ere bai, jakina. Begira, kontu bat. Joan den urtean Hik Hasi aldizkariak Haurren Hiria izeneko bilkura zabala antolatu zuen Kursaalen, eta lau elkarte batu ginen han, Francesco Tonucci pedagogo italiarrarekin batera: Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Irrien Lagunak, HUHEZIko Sorguneak ikerketa taldea eta Hik Hasi bera. Eskola herritarra, herri hezitzailea izena jarri zien jardunaldi haiei Hik Hasik, eta haurrentzako egokiak diren herriak edo hiriak pentsatzeko eta hainbat urrats emateko batu ginen han. Azkeneko urte hauetan, hirigintza arazoak direla-eta, eta gizarteak eman duen aldaketarekin, eskola asko lau pareta artean sortu dira, eta guk eskola herrikortu nahi dugu eta herria bera bihurtu hezitzaile. Lehen, kalea eta herria herritarrenak ziren, eta gaur, kotxeenak dira; gizon langile kotxedunen ikuspuntutik sortu da hiri-eredu hori, garapenean, ekoizpenean eta kontsumismoan oinarrituriko hiri-eredu hori eta eskema horretatik kanpo dauden kolektiboei —haurrei, ezinduei, emakumeei…— oztopo ugari ezartzen dizkie. Hiri-eredu horrek haurren heziketan —sozializazioan, autonomian eta ongizatean— zer-nolako eragina duen hausnartzen aritu ginen, eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri-eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzen. Ume-umetatik haurrek ere badutelako zeresana eta denon artean landu behar ditugulako ereduak, pertsona arduratsuak egin behar ditugulako. Hortik etorriko da salto estrategiko bat.

Euskarentzat ere bai? Nola?

Herri hezitzailea, eskola herritarra sortzeko denon parte-hartzea sustatu behar dugu, eta lanketa horretarako jolasa izango dugu ardatza. Zerbitzuak sortzen eta eskaintzen eman ditugu azken urteak, eta hori ekarpen ezinbestekoa izan da, jakina, baina hor estrategia aldaketa dator. Zerbitzuak eskaintzetik parte-hartzea bultzatzera egin behar dugu, umeentzat gauzak antolatzetik umeekin gauzak egitera pasatu behar dugu; familientzat baino gehiago familiekin lan egitera. Eta haurrei hitza eman behar diegu. Haurren hiri horretan, hizkuntza –euskara- da guretzat oinarria. Euskara komunikatzeko tresna baino gehiago delako; euskara bada ekologia ere, bada hezkidetza ere, genero ikuspuntutik begiratuta, elkartasuna ere bada euskara, bada kolore anitzekoa… euskarak badauka plus bat, sortzen baitu bizipoza eta hori modu kolektiboan landu behar dugu. Handira jo behar dugu guk, eta etorriko da etorri behar duena. Egitura politiko, juridiko eta abar egokiek lagunduko lukete emaitza hobeak lortzen, baina gure esku dagoeneko baditugu bitartekoak eta horiek aktibatu behar ditugu, eta hori herrigintzatik egin behar dugu, denok elkarrekin. 

Lasarte-Orian, adibidez, 70 kultura eta herri ezberdinetatik etorritako jendea bizi gara elkarrekin, eta horri heldu behar diogu, baina baita pertsonen aniztasunari ere. Pertsona bakoitza bat delako, bere emozio, gaitasun eta gabeziekin, eta momentu honetan oso uniformizatuta dago hezkunta sistema oro har. Haur txikiekin errazagoa da lan egitea, haurrari begira aritzeko aukera handiagoa daukagulako, baina gero, gorago goazenean eta hasten garenean Lehen Hezkuntzako azkeneko urteetakoekin, DBHkoekin eta zer esanik ez Batxilergoko ikasleekin zailtasun handiagoak dauzkagu lanerako, sistemak harrapatuta gaituelako. Sistemak araututa dauzka neurgailuak, eta emaitza akademikoen araberakoa izango da ikaslea, eta hor, jakina, pertsona, emozioak eta baloreak bazterrean gelditzen dira. 

Lasarte-Orian 70 herritatik etorritako lagunak bizi zarete. Nola egin duzue haiek euskarara ekartzeko?

1706636324900 'Egunerokoan euskara sentitu egin behar dugu, gozatu. Hori egiten badugu, besteak batu

Ni niretik ari natzaizu, baina ahaztu aurretik esan nahi dizut Udala ere lan handia egiten ari dela azken legealdi honetan herriarekin batera. Une honetan abesti bat sortzen eta bideoklip bat egiten dihardugu sahararrekin, errumaniarrekin, andaluziarrekin eta bertan bizi garen beste hainbatekin. Euskara oinarri hartuta, elkarlana bideratzen ari gara. Nazioarteko dantzaren egunean adibidez Kukukak dantza jaialdi bat antolatu zuen euskaratik, eta han, herriko kultura ezberdinek parte hartu zuten. Gauza bera Senblante Andaluzekin batera antolatu genuen bertso-saioan. Xabi Payak zuzenean itzuli zituen Jon Maiaren bertsoak jende erdaldunarentzat. Bestearekiko errespetuz gauza politak egin daitezke geuretik.

Nagusitasunetik, baina nagusikeriarik gabe beraz. Hala ere, euskaldunoi sarri gertatzen zaigu besteari errespetua faltako diogulakoan geurea bazter utzi eta harenera makurtzea, oharkabean askotan. Nola egin galtzen ez irteteko?

Garbi dago halakoetan hasteko, indartsu egon behar duela batek. Ahul zaudela ezin zaitezke halakoetan hasi, bizirautea bera dagoelako jokoan eta norbere burua babestera egiten dugulako halakoetan, baina euskal kultura indartzen doan neurrian, hasten da bat zabaltzen eta hegemonia horretatik hasten da besteak ezagutzen, besteak maitatzen eta bestengana gerturatzen, eta modu natural batean, ilusioa sortuz, lortzen duzu erakargarri izatea haientzat. Guk, pailazook, abuela Maria Luisa abestia sortu genuen duela urte batzuk eta egin genuen sevillana bat, baina euskaraz. Horretarako, Semblante Andaluz elkartera hurbildu ginen eta elkarte hartako txikienek, Los Duendecillos del Alba taldekoek, gurekin batera dantza egin zuten eta euren talde rocieroak kantatu zuen gure abestia. Lortu genuen haiengana hurbiltzea sevillana bat egin genuelako, baina guk hori euskaratik egin genuen. Jon Maiak egin zigun kantua, eta Maria Luisa Jon Maiaren amona zen – andaluziartu egin genuen guk, berez Extremadurakoa zelako-. Errumaniarrekin ere egin dugu dantza plazan, euskaraz. Nik beti esaten dut zirkuluak daudela gizartean, eta horietako batean gaudela gu, egunerokoan euskaraz bizi garenok, eta beste zirkulo batean, guregandik oso gertu, euskararen alde daudenak daudela, tarteka egiten dutenak nahiz sekula egiten ez dutenak, eta horiekin beste kolaborazio bide bat landu behar dugula: hurbildu behar gara haiengana, ikasi behar dugu haiengandik ere, eta hori egin behar dugu, jakina, euskaratik. Bi zirkulo aipatu ditugu, baina badago beste bat ere, urrutixeago. Hor daude, esaterako, etorri berriak edo guregandik oso urruti daudenak, eta haiengana gerturatzeko, geu egon behar gara indartsu, ahul bagaude galtzeko guztiak dauzkagulako.

Zein harreman izan beharko luke euskarak gainerako hizkuntzekin?

Lorea Agirre eta Huheziko beste jende batekin ibili gara Oarsoaldean lanean, eta ikusi dugu euskaratik abiatu behar dugula guk beti, konplexurik gabe. Batzarretara guraso erdaldunak etorri zaizkigunean, erdaraz ere egin dugu haiekin, baina beti ere baldintzatu gabe jarduera horren oinarrizko filosofia: hau da, garbi utzita egiten ari garen hori euskaraz egin nahi dugula, besteak beste Euskal Herrian gaudelako eta gure hizkuntzan bizi nahi dugulako. Hori mimo pixkatekin egin behar da jakina, besteek ez dezaten erasotzat hartu, baina egin daiteke. Gonbidatu behar ditugu gurera etortzera, eta hori ilusioa sortzetik bakarrik lortuko dugu. Esan behar diegu euskarak gauza asko emango dizkiela, euskara gozagarri izango zaiela, eta horretarako zubiak eskaini behar dizkiegu uneoro: euskara ikasteko bitartekoak jarri, eta aukera eman, adibidez, antzerkia euskaraz egiteko beraiek oraindik euskaraz hitz egiteko gaitasun handirik izan ez arren…

Lehenengo hitza beti euskaraz, esan duzu. Gure bazkide batek beste ekarpen bat egin dio horri. Elkarrizketa elebidunen alde egin beharko genukeela dio berak.

Eta arrazoia du. Bidea hori da. Zenbat jende euskaltzale ikusten dugun erdaraz egiten euskaraz ulertzen duen tabernariarekin, adibidez. Lasarte-Orian bertan ikusten dut hori. Tabernariak euskaraz hitz egiten ez dakielako edo euskaraz oraindik kostata egiten duelako aldatzen dugu guk erdarara, baina ez gara konturatzen tabernari horrek eskertzen digula euskaraz egiten badiogu. Euskaraz egingo bagenu halakoetan, sorpresa polit ugari hartuko genituzke, askotan jarrera positiboa duelako aurrean dugun horrek, baina guk pazientzia faltagatik edo autoestima baxuegiagatik, erregistroz aldatzen dugu. Barne-indar hori landu behar dugu eta kontzientzia hartu egunerokotasunean euskaraz bizitzeko.

Zeuk ere esan duzu zerbitzuak eskaintzen pasa ditugula urte asko, beharbada begi bat elkartean jarri gabe gure kasuan. Bazkide talde batekin gogoeta prozesua hasi dugu, hustuta daukagun elkartea betetzeko. Nondik abia gaitezke?

Hori Lasarte-Orian ere gertatu zaigu, eta badaramatzagu urteak horren inguruan gogoeta egiten. Nik esango nizuke, lehenik eta behin, baikorrak izan behar duzuela eta egindako guztia positiboan baloratu. Egindakoarekin pozik egon behar dugu, eta zer esanik ez herrigintzan ari garenok. Zerbitzuak sortu eta eskaini ditugu, eta eskerrak hori egin dugun, horiei esker asko aurreratu dugulako, besteak beste eta gutxien-gutxienez, euskararentzako esparru batzuk sortu ditugulako. Eginez ikasten dugu eta etengabe ari gara ikasten. Sorguneak taldekoek hori esaten digute uneoro. Egia da ere bai tarte horretan euskara elkarte batzuk galdu ditugula bidean, ondo ari ote garen zalantza izan dugulako eta aktibismo horretan indarrak xahutu ditugulako eta emaitzak ez direlako guk nahi bestekoak izan. 

Utzi diezaiogun gure burua egurtzeari eta jarri gaitezen aurrera begira, jarri gaitezen parte-hartzea sustatzeara, jarri gaitezen ilusioa sortzera, eta egin dezagun hori herrigintzan diharduten gainerakoekin eta administrazioarekin elkarlanean. Jauzi egin dezagun haurrentzat egitetik haurrekin egitera eta ikusiko dugu zenbat irabaziko duen euskarak, eta euskararekin batera, herrigintzak. Bizitzeko eta herri izateko bizipoza izan behar dugu eta irribarrea ahoan dugula lan egin, geuk sinisten badugu horretan lortuko dugulako beste batzuk ere sinistea, ilusioa kutsatu egiten baita. Horretarako, baina, geure burua maitatu behar dugu lehendabizi. Asko ematen diogu euskarari eta munduari, eta txikiak izanagatik, oso ederrak gara eta ederragoak izango gara, baina kontuz gauza batekin. Krisi egoeran bizi gara, eta krisi garaian eta aurrera egiteko argirik edo itxaropenik ikusten ez dugunean, fobiak sortzen dira eta ahulak diren sektoreek sentitu dezakete tentazioa ahulagoak direnak zapaltzeko –hor ditugu Maroto eta konpainia horretan tematuta-. Halakoetan, ezker-eskuin hasten gara ukabilkadaka. Izan gaitezen argiak, egin dezagun elkarrekin bidea, eta saretu gaitezen, elkartze horrek ematen digun indarrak eramango gaituelako handi izatera.

Ea ulertu dizudan. Euskal hiztunak izan behar du irudimentsu, kokatu behar da agoniatik urrun, eta sustatu behar du bizipoza. Beste ezaugarriren bat gehituko zenuke?

JAJAJA. Oso lagun ditudanek esaten didate kontuz ibiltzeko sermoiekin, pulpitotik hitz egiten hastea arriskutsua delako. Nik ezingo nizuke esan euskal hiztunak nolako ezaugarriak izan beharko lituzkeen. Egin, egin behar dugu, egin eta eragin, eta modu horretan kutsatuko ditugu ingurukoak. Egunerokotasunean euskaraz bizi behar dugu, eta sentitu euskara, gozatu. Hori egiten badugu, besteak batuko zaizkigu.

Testua: Ainara Argoitia.