Jon Gurrutxagak 'Hitz lauz' diskoa aurkeztu du, bizi-esperientzien inguruko kantu sorta

elgoibarren.net 2014ko urr. 30a, 15:35
 
Jon Gurrutxagak Hitz Lauz (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko lana aurkeztu zuen atzo Donostian. Ingelesa bazter utzita, osorik euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauz, bizi-esperientzien inguruko kantu sorta honetan, eta inoiz baino “gertuago” eta “barnekoiago” azaltzen da entzulearen aurrera. Bakarkako diskoa izan arren, kolaboratzaile asko izan ditu musikari elgoibartarrak eta denen artean “soinu abegikor, bero eta argitsua” eman diotela diskoari azaldu dute Gaztelupe diskoetxetik. 

 

  Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, urteotan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu Hitz lauz diskoak. Kantuen eraikuntzan, alde batetik. Arkitektu batek eraikin baten planoekin egingo lukeen bezala, zentzuz eta presarik gabe hazten direla disko honetako kantuak diote, “urrats bakoitza argitasunez zehaztuta baitago: sarrerak, zubiak, goraldiak, trantsizioak, geldialdiak, jira melodikoak...” Sugea kantua jarri dute adibidetzat. Eta, une bakoitzak jantzi instrumental egokia aurkitzen du kantuak gora egin dezan. Horrez gain, “tentuz landutako moldaketek” arnasa ematen diete kantuei, hainbat musikarik egindako ekarpen bikainari esker.

Kolaboratzaile ugari 

Izan ere, Soraluzeko diskoetxeko arduradunen berbetan, horretan datza Jon & Sugramas lanarekiko aldaketa nagusietako bat, hura talde finko batekin landutako diskoa izan baitzen. Oraingoan berriz, kantuaren arabera musika ezberdinekin lan egitea erabaki du Gurrutxagak, eta ondorioz hiru baxu jotzaile —Mikel Azkargorta, Iñigo Gorritxategi, Gorka Eskauriaza—, hiru gitarrista —Keu Agirretxea, Muguel Laguna, Patxi Zabaleta—, Tana Santana kontrabaxu jotzailea eta Fredi Pelaez teklatu jotzailea izan ditu alboan. Gurrutxagak bateria, ahosoinua eta gitarra akustikoa jo ditu, abesteaz gain.

 Diskoan parte hartu duten lagun guztien artean “soinu abegikor, bero eta argitsua” lortu dutela azaldu zuen Gurrutxagak diskoaren aurkezpenean. Eta aurreko lanetakoa baino akustikoagoa dela nabarmendu zuen.

Bluesak jarraitzen du bere kantuetan present egoten, baina Hitz lauz diskoan lekua dago funk doinuentzat (Denbora, bidea, zu eta ni), kontrabaxu eta hammond organo distiratsuak dituen balada batentzat (Txikia handi), folk erreferentzia garaikideentzat (koruek Fleet Foxes ekartzen dute gogora Minaren mintzoa-n), eta su motelean erretako rock aleentzat (Azala, Iragana beti jarraika edota Desirak eta gezurrak, Arima Beltzaren azken diskotik hartutako kantuaren bertsioa). Ingelesa bazter utzita, osorik euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauz, Xabi Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin, bizi-esperientzien inguruko kantu sorta honetan, eta inoiz baino “gertuago” eta “barnekoiago” azaltzen da entzulearen aurrera.

20 urteko ibilbidea

Musikagintzan bi hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978). Arima Beltza taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak diruditen bi eginkizunetan, bateria jotzea eta abeslaria izatea, aldi berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Niko Etxartek euskarara ekarritako bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena Keu Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta zuzeneko ugari eskaini dituen; laburrena, Andrakan taldea—, baina sekula ez dio kantuak sortzeari utzi —Arima Beltzaren konpositoreetako bat zen Gurrutxaga—. Horrela, merezi zuena baino oihartzun txikiagoa izan zuen Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte geroago itzuli da Hitz lauz diskoarekin.