Sabin Osorok jasoko du Gure Balioak Saria, ekintzailetasun sozialean egindako lanarengatik

elgoibarren.net 2014ko urr. 28a, 13:57
Debegesa garapenerako agentziak banatzen du urtero Gure Balioak Saria, Debabarreneko eskualdean gizarte-balioetan oinarritutako jardunbidea izan duen pertsona edo entitatea publikoki aitortzeko. 2010ean jaso zuen estrainekoa Maria Teresa Gantxegi eibartarrak, eta orduz gero hiru elgoibartarrek jaso dute saria: Gemma Agiregomezkortak 2011n, Jesus Bilbaok 2012an eta Sabin Osorok azkena, 2014 urteari dagokiona. Azaroaren 5ean egingo dute sari banaketa ekitaldia Mutrikun.

 Debabarreneko eskualdean gizarte balioak sustatu asmoz, Gure Balioak sariak eskualdeko pertsona edo erakunde baten ibilbidea goraipatzea du xede nagusi. Aurten, Gure Balioak Saria Sabion Osoro Unzuetarentzat (Elgoibar, 1922) izango da, epaimahaiak hala erabakita, Debabarreneko eskualdean eta batez ere bere herrian, Elgoibarren, enpresa zein gizarte arloko hamaika ekimen sustatu eta sortzen laguntzeagatik. Epaimahaiak, bereziki, nabarmendu nahi izan du “bere izaera bisionarioa, bere garairako aurreratua, eta bai herrigintzan eta bai enpresa munduan ere hamaika ekimenen eragile edo sortzaile izan da”. Era berean, epaimahaiak kontuan izan du Sabin Osororen izaera nekaezina eta adoretsua, bizitza osoan buru belarri lanean jardundakoa, eta beti protagonismoari izkin eginez. 

 Izan ere, hamaika saltsatan eta buruhaustetana jardundakoa da Sabin Osoro. Curriculum luzea dauka, bai herrigintzan eta baita enpresa munduan ere. 

1706636398625 Sabin Osorok jasoko du Gure Balioak Saria, ekintzailetasun sozialean egindako lanareng

Sabin 30 urte zituela hasi zen elizaren bueltan saltsetan. Luistarren presidente aukeratu zuten 1952an. Gero, Juventud Obrera Catolica (JOC) taldeko lehen presidentea ere bera izan zen. JOC taldeko asanblada ireki batean, Sabinek Elgoibarren kultur elkarte bat sortu behar zela proposatu zuen. Hemendik sortuko zen Ongarri Elkarte Kulturala. Danobat kooperatibako sorrera prozesuan ere parte hartu zuen. Gure-Kai eta Goiti enpresak bere ideiak izan ziren. Eta Elgoibarko Izarraren sorreran ere paper garrantzitsua jokatu zuen.  Era berean, La Elgoibarresa kontsumo kooperatiba eratu eta sustatu zuen, gero Eroskin integratu zena. Elgoibarko Ikastolaren sorreran ere berebiziko garrantzia izan zuen, laguntza eskainiz eta finantzazioa lortzeko ideiak proposatuz. IZPI, elbarriei zuzendutako lantegiaren sorreran ere lagundu zuen, eta estuki lan egin zuen DEE - Drogak Eragindakoen Elkartearekin.

•Sari banaketa ekitaldia azaroaren 5ean
 Sari banaketa ekitaldia datorren azaroaren 5ean egingo dute Mutrikuko udaletxean, 18:30etik aurrera. Ekitaldian Javier Elzo soziologoak hitzaldia eskainiko du “Ziurgabetasun handiko garaietarako balioak” izenburupean. Gure Balioak saria jasotzen duen bosgarren pertsona izango da Sabin Osoro, 2010ean eratu zenetik Debegesa Garapen Agentziak sustatuta. Iaz saria jaso zuen Carmelo Urdangarinen eskutik jasoko du saria, Luis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura.
 
Lotura duten albisteak: