Iñigo Larizek bigarren egin du Uharte Arakil-Beriango Kilometro Bertikalean, bigarren urtez jarraian

elgoibarren.net 2014ko ira. 23a, 17:13
 
Uharte Arakil-Beriango seigarren Kilometro Bertikala jokatu zuten domekan Sakanako haranean, Nafarroan. Uharte Arakildik irten eta Berian mendian (1494 m.) dagoen San Donato ermita pareraino igo behar zuten parte hartzaileek. Aitor Osa itziartarra izan zen azkarrena. Txirrindulari profesional ohiak errekor berria ezarri zuen gainera (40:21). Irabazlearengandik ia hiru minutura ailegatu zen tontorrera Iñigo Lariz, eta, hala, iaz lortu zuen bigarren postua errepikatu zuen.
 
 Open Lafuma Euskal Herriko Bertikalen Zirkuitoko bigarren proba puntuagarria izan zen Uharte Arakil-Beriango Kilometro Bertikala. Azpeitiko Zuzenien lasterketa izan zen aurrenekoa, martxoaren 3an. Hirugarren eta azken proba, berriz, Anbotoko kilometro bertikala izango da, urriaren 12an. Larizek ez zuen Azpeitiko proban parte hartu, baina Uharte Arakil-Beriainen lortu duen bigarren postuari esker, zirkuitua irabazteko aukerak ditu oraindik. Gogora ekarri behar da azken bi urteetan Larizek irabazi duela Euskal Herriko Bertikalen Zirkuitua.

 Aralar Mendi klubak antolatutako Uharte Arakil-Beriango VI. Kilometro Bertikalean izena eman zuten 199 korrikalariak banaka-banaka atera ziren Uharte Arakilgo frontoitik, 30 segundoro. Proba kronometratua zen, distantzia laburrekoa (5 km) baina gogortasun handikoa, 1.023 metroko desnibela zuen eta sekulako maldak, %70ekoak tartean. Arrainak uretan moduan moldatzen da Iñigo Lariz gogortasun handiko probetan, eta domekan ere lasterketa bikaina egin zuen, iaz lortu zuen denbora hogei segundoan onduz. Alabaina, ez zen proba irabazteko nahikoa izan, Aitor Osak maldetan gora hegan egin zuen-eta. Espainiako Km Bertikaletako Kopako Arredondoko azken proba irabaztetik zetorren Osa, eta erakustaldia eman zuen Sakanan: Uharte Arakildik Beriainerako tartean errekor berria ezarri zuen, iaz Ionut Zincak ezarritako denbora (42:42) bi minutu pasa hobetuz (40:21). (ikus sailkapenak -PDF)

Txistu hotsak podiumean
 Garaipena eta errekorra lortu arren, txaloak baino txistu gehiago entzun behar izan zituen Aitor Osak, igoera egiten ari zela; eta, batez ere, podiumera igo zen unean. Txirrindulari ohiak EPOarekin eman zuen positibo 2012ko apirilaren 28an Arratzun (Bizkaia) jokatutako mendi lasterketan, eta jendea ez dago hura barkatzeko prest, dirudienez. Osa iaz itzuli zen berriro mendi lasterketetara.

Lotura duten albisteak: