Elgoibartarrak eta mendaroarrak giza katean

elgoibarren.net 2014ko eka. 9a, 14:52
Euskal herritarren erabaki eskubidearen aldeko giza katea osatu zuten atzo 150.000 lagun baino gehiagok, Durangotik Iruñera bitartean. Elgoibartarren eta mendaroarren esku ere badago erabakitze eskubidea eta bi herrietako makina bat herritarrek hartu zuten parte giza katean. Zazpi autobus bete zituzten elgoibartarrek eta giza kateko 32. kilometroan elkartu ziren gero. Mendarotik lau autobus joan ziren 33. kilometroa betetzera. (argazki bilduma dauka)

 Eguraldia lagun, festa giroan eta umorez aldarrikatu zuten atzo, milaka herritarrek, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea. Elgoibarko Gure Esku Dago dinamikako taldeak 640 metro saldu zituen eta 420 lagun inguru joan ziren taldeak antolatutako zazpi autobusetan. Halere, egon zen bere kasa autoz, bizikletaz edo oinez joan zen elgoibartarrik ere. Elgoibartarrek 32. kilometroa bete behar zuten soraluzetarrekin batera, Bergaran.

 Mendarok, berriz, 33. kilometroa bete behar zuen Deba eta Mutrikurekin batera, eta aise lortu zuten helburua. 240 metro saldu zituen Mendaroko taldeak eta 240 lagun mobilizatu zituzten lau autobusetan. Mendaroarrak, gainera, giza-probetako taldearekin joan ziren. Elgoibarko trikitilariak ere aritu ziren giroa alaitzen. Etenik gabe jardun zuten atzera eta aurrera elgoibartarrak eta mendaroarrak zeuden kilometroetan.
ARGAZKI BILDUMA: