2013ko egutegiaren 8.500 ale banatuko ditu Udalak herritarren artean

elgoibarren.net 2012ko abe. 13a, 12:51
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, Ane Beitia Arriola Euskara arduradunak eta Jokin Martinez Ongarri argazkilari elkarteko kideak atzo, abenduak 12, aurkeztu zuten Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak 2013 urterako argitaratu duen egutegia. Hainbat herritarrek egindako argazkiez hornitu dute egutegia; izan ere, aurtengoan, bosgarren aldiz antolatu da, Ongarri elkartearekin elkarlanean, egutegirako argazki lehiaketa. Datozen egunetan banatuko ditu Udalak egutegiak, 8.500 ale orotara.


 Egutegi txikiak 6.000 dira eta herri osoko postontzietan banatuko ditu Udalak; egutegi handiak (2.500 ale), aldiz, elkarte, eskola, euskaltegi eta abarretan banatuko ditu. Horretaz gain, 2013 urteko egutegi handiak edo txikiak lortu nahi dituzten herritarrek Kultur Etxean eta Arreta Bulegoan izango dituzte eskura. Egutegia Elgoibarko Original diseinu grafiko-etxeak egin du.
Berrikuntzak eta parte hartze handia
 Aurtengo lehiaketa arautu duten oinarrietan hainbat berrikuntza egin dituzte antolatzaileek. Hala, lehiakideek aurkeztu ahal izan dituzten argazki kopurua seikoa izan da (iaz arte 3 argazki) eta argazkien bidez irudikatu behar izan duten gaia “Elgoibarko gizarte bizitza” izan da.  Horrela bada, bosgarren argazki lehiaketa honetan 34 lagunek parte hartu dute eta 148 argazki aurkeztu dituzte, aurreko urtean baino dezente gehiago (2012 urtean, 90 argazki). Saridunek 65 euroko saria jaso dute, eta sarituak izan diren argazkiak ondorengoak izan dira:
  • URTARRILA, Imanol Cerdeira Lasheras
  • OTSAILA, Miren Gurutze Ariznabarreta Atxa 
  • MARTXOA, Eulogio Mancebo Iranzo
  • APIRILA, Manu Sanchez Conde 
  • MAIATZA, Manu Sanchez Conde 
  • EKAINA, Andoni Segundo Armero
  • UZTAILA,  Eulogio Mancebo Iranzo
  • ABUZTUA, Izaskun Estibaritz Astarloa  
  • IRAILA, Cristina Lopez Gonzalez
  • URRIA,  Aitor Zabala Iriondo  
  • AZAROA, Arkaitz Mujika Urain
  • ABENDUA, Andoni Segundo Armero
Kale-izenak gizarteratzeko ahalegina

Egutegi txikien 6.000 ale banatuko ditu Udalak.

2013 urteko egutegi handian, Elgoibarko argazkiak ikusteaz gain, toponimia lanaren ondorioz, izen aldaketa edota grafia aldaketa izan duten kale-izenak azaltzen zaizkigu, baita aldaketa horien arrazoiak ere. Honen helburua kale-izen horiek gizarteratzea da, eta poliki-poliki herritarrak erabiltzen hastea. Egutegi txikian, berriz, udal zerbitzuetako telefono zenbakiez gain, euskalgintzako beste telefono zenbaki batzuk ere ageri dira, eta herritarrentzat inportanteak diren beste zenbaki batzuk baita ere.