Ainhoa Mendibilek Bilduko zinegotzi kargua laga du

elgoibarren.net 2012ko mai. 7a, 13:13
 
Arrazoi profesionalak tarteko, Bilduko zinegotzi izateari laga dio Ainhoa Mendibilek. Erabakia hartzea ez dela erraza izan adierazi du Mendibilek, eta zinegotzi postua penaz laga duela gaineratu du. Maite Elizburuk beteko du Mendibilek koalizioan utzitako lekua. Era berean, Aitor Agirrebeñak ere Bilduko zinegotzi izateari laga dio Mendaroko Udalean.


 Bestelako Elgoibar bat eraikitzea posible zela sinisten zuelako eman zion atxikimendua Bilduri Ainhoa Mendibilek, eta lan horretan jardun duela orain arte adierazi du. Arrazoi profesionalak tarteko, baina, Bilduko zinegotzi izateari laga dio, eta Maite Elizburuk beteko du bere lekua. "Jakin badakit Maitek ezin hobeto egingo duela bere lana. Are gehiago, emango diola Udalak behar duen gazte ikuspegia, nola feminista, bere jardunari. Ez da gainera guztiz berria honetan. Bilduk behin hauteskundeak igarota martxan jarritako lantalde herritarren artean, Maite ongizate lantaldeko kidea da, eta beraz, aspaldi lanean hasitakoa", adierazi du Mendibilek.

 Zinegotzi kargua laga arren, lan militantea egiten jarraituko du Mendibilek, "Euskal Herriak bizi duen egoeran Euskal Herri libre eta feminista bat ezkerretik eraikitzeko", esan du.

Aitor Agirrebeñak zinegotzi izateari uko egin dio Mendaron

Aitor Agirrebeña, eskumatik bigarrena, Mendaroko udaletxean.

Era berean, Mendaroko Aitor Agirrebeñak ere uko egin dio, Bilduko zinegotzi karguari eta Jose Maria Zubierrementeriak hartu du bere lekua Mendaroko Udalean. Joan zen martxo amaieran egin zen Osoko Bilkuran egin zion uko zinegotzi karguari Agirrebeñak. Arrazoi profesionalak tarteko, zinegotzi karguari merezi eta behar besteko dedikaziorik ezin ziola-eta eskaini, beste lagun bati leku egitea hobe zela argudiatu zuen.
 Hortaz, apirilaren 26ko Osoko Bilkuran kargua hartu ostean, Jose Maria Zubierrementeriak hartu du Agirrebeñaren lekua. Zubierrementeriak izango dituen arduren artean hiru nabarmendu behar dira: Udal zerbitzu, langile eta mankomunitateko komisioko presidentea izango da, nekazal gaiekin lotutako komisioetan bokal lanak egingo ditu eta, azkenik, Mendarok Debemenen izango duen ordezkaria izango da.