Espainiako bandera jarriko dute udaletxean, EAEko Auzitegi Nagusiak aginduta

elgoibarren.net 2012ko mar. 21a, 14:39
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako bandera jartzera behartu du Elgoibarko Udala, haren helegitea atzera botata. Agindu hori betetzea erabaki du Alfredo Etxeberria alkateak eta banderak noiz jasoko “zain” daudela adierazi du. Honenbestez, udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jarriko dituzte Espainiako banderak. Espainiako banderaz gain, baina, Europakoa, Gipuzkoakoa, Elgoibarkoa eta ikurrina jarriko dituztela aurreratu du alkateak.

  Elgoibarko PPko zinegotziak Elgoibarko Udalak Espainiako "Banderen Legea" ez zuela betetzen iritzita salaketa jarri zuen eta mozioa aurkeztu Udalean. Elgoibarko Udal Plenoak, baina, banderak jartzeko ordura arteko irizpidea mantentzea erabaki zuen 2008ko otsailaren 28ko Osoko Bilkuran; EAJ eta EAren aldeko botoekin, PSEE-EE alderdiko zinegotzien abstentzioarekin eta PPko zinegotzi bakarraren kontrako botoarekin. "Mozio hartan zehazten zen bezala, herritarren gehiengoari erantzunez, ez genuela Espainiako bandera jarriko erabaki genuen", ekarri du gogora alkateak. Alabaina, Auzien Epaitegiak atzera bota zuen Elgoibarko Udalak hartutako erabakia eta Espainiako bandera jartzera behartu zuen Udala. Erabaki horren aurka gaitzespen errekurtsoa jarri zuen Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina helegitea ez onartzea erabaki du Auzitegi Nagusiak.
Bost bandera aurrerantzean
 Errekurtso gehiago aurkezteko aukerarik ez dagoenez, epaia betez Espainiako bandera jarriko duela adierazi du Alfredo Etxeberriak. Udaletxeen kasuan, eraikinaren kanpoaldean eta pleno aretoan jarri behar da bandera espainiarra. Espainiako banderaz gain, baina, Europakoa, Gipuzkoakoa, Elgoibarkoa eta ikurrina “denak elkarren ondoan” jarriko dituztela azaldu du. Eskaria egina dute eta banderak noiz etorriko zain daudela azaldu du Udaleko agintari nagusiak.

1706638434763 Espainiako bandera jarriko dute udaletxean, EAEko Auzitegi Nagusiak aginduta

 
Mozioa eta frontoi gaineko ikurriña
  Hurrengo Osoko Bilkuran gai honen inguruan mozio bat aurkeztuko dutela aurreratu du Alfredo Etxeberria alkateak. Bestalde, bandera eta ikurriñen gaiari lotuta, Plaza Handiko frontoian, frontisaren gainaldean, dagoen ikurriña (ondoko argazkian) kendu eta haren ordez handiago bat jarriko dute.
 

1981eko Banderen legea
  1981eko urriaren 28an, Juan Carlos I.a erregeak eta Leopoldo Calvo Sotelo Gobernuko presidenteak, 39/1981 legea sinatu zuten, Banderen legea hain zuzen. Bertan, Espainiako banderaren erabilerarako hainbat arau zehaztu zituzten, banderako oihalaren koloreetatik hasita, neurri edo armarrien erabileraraino.
 Hirugarren artikuluko lehenengo puntuak horrela dio: “Espainiako banderak airean ibili beharko du kanpoaldean, eta lehentasunezko lekua hartu beharko du estatuko administrazio zentral, instituzional, autonomiko edo herri-administrazioetako eraikinetan”. Era berean, laugarren eta bosgarren artikuluek, autonomia erkidegoetan, edo udaletxe nahiz foru aldundietan, Espainiako bandera erabili behar dela diote. Azkenik, aipatzekoa da 2007ko uztailaren 24an Auzitegi Gorenak epaia eman zuela lege honen inguruan, Espainiako banderak “egunero eta iraunkortasunez airean ibili behar” duela esanez.